GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Hitz-jokoekin konponduko ez direnak

Txinatarrak haserrarazi gabe Ameriketako Estatu Batuetako barne kontsumo politikorako egindako hitzaldi neurtuen eta kameren aurreko irrien ondoren, elkarri eutsiz zutik jarraitu nahi duten bi mozkorren gisa daude munduko bi potentzia ekonomiko nagusiak

Ingelesez erakargarria (irristakorra ere bai) gerta daitekeen hitz-joko batekin laburbildu nahi izan du Obamak bere lehen txango handia. «America's first Pacific president» dela bera jakinarazi zien larunbatean Singapurren bildutako APECeko herrialdeetako agintariei. Mezuaren ahozkotasunak entzuleen nahierara uzten zuen «Pacific» hori hizki larriarekin ala minuskulaz hasita ulertu behar ote litzatekeen. Noski, Etxe Zuriaren interpretazio ofizialaren arabera, biografikoki Ozeano Barearekin bere aurreko beste edozein lehendakarik baino askoz lotura estuagoa (Hawaiin jaioa, Indonesian hazia...) duela Obamak azpimarratzera letorke esaldia.

Baina lehen lehendakari estatubatuar bakezalea ere badela ulertzea zilegi izango litzateke... ingelesez. Singapurren bildutakoen artean bakan batzuen lehen hizkuntza baino ez zela ingelesa, eta gainerakoenen kasuan hitz-jokoa, bere horretan, itzulgaitza izango dela kontuan izanez gero, ez dakit merezi ote zuen mezua botatzea. Baina horrelako propaganda kontuak dira gutxienekoak, bidaia honetan Obamak aztarrikatu behar izan dituen buruhausteen aurrean. Bildutako agintarien «familia-argazkia» lekuan lekuko janzkera pintoreskoarekin mozorrotuta egiteko usadioagatik, beste ezergatik baino gehiago, ezagunak diren APECeko goi-bilkura horietan salbuespena izango ez den aurtengo hau ere alde batera utzita, Hatoyama lehen ministro berriarekin Tokion elkarrizketatuz hasi zuen bidaia Obamak. Ez da inondik ere konplimendu hutsezkoa izan: 1945az geroztik bizi duen «subiranotasun mugatua» amaiarazi eta beste aro bat hasteko deliberoarekin iritsi da agintera Hatoyama. Eta Okinawako base handian du lehen erronka egitasmo horrek. Japonia bere etsaietatik defendatzeko beharrezkoa dela dio, oraindik ere, AEBen dotrina ofizialak; baina bere burua berak defendatzea nahiago lukeela deritzo Hatoyamak... eta japoniarren gehiengo gero eta zabalagoak. Eta hortik aurrera etor daitezke kitatu beharreko kontu zaharrak, Hiroshiman eta Nagasakin jaurtikitako bonba atomikoez galde egin eta Obama estutu zuten gazte japoniarren ildoan.

Hori bera ere txikikeria, edo behintzat beranduagoko arazoa, izan daiteke ordea igandeaz geroztik Txinako agintaritzarekin hitzartzen aritu behar duenaren alboan. Txinatarrak haserrarazi gabe Ameriketako Estatu Batuetako barne kontsumo politikorako egindako hitzaldi neurtuen eta kameren aurreko irrien ondoren, elkarri eutsiz zutik jarraitu nahi duten bi mozkorren gisa baitaude munduko bi potentzia ekonomiko nagusiak. AEBen zor publiko ikusgarriaren zatirik mardulena Txinako banku sistemaren eskuetan datza, eta haren balioaren gainbehera da egungo Txinako agintarien kezka ekonomiko latzenetakoa. Aldiz, Txinak bere barne kontsumoa biderkatzea da AEBetako ekonomiak behar eta eskura dezakeen pizgarri nagusia, baina renminbiaren truke milak antzutzen du hori gehienbat...

Hilabete barru Kopenhagen egingo den Klima Aldaketaren Konferentziaren emaitza G-2 horretan aldez aurretik abortatu izanak erakusten du hitz-jokoekin konpondu ezin direnetan zer itxaron behar dugun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo