GARA > Idatzia > Mundua

Komite Internazionalisten urteurrena ospatzera deitu dute

Ruben PASCUAL |

«Iraultza sandinistak piztu zuen itxaropenaren babesean», Euskal Herriko hainbat talde batu eta Komite Internazionalistak erakundea sortu zela 30 urte betetzen dira aurten, eta urteurren horren karietara antolaturiko ekimenen berri emateko agerraldia egin zuten atzo Bilbon.

Ospakizun horretako ekitaldi nagusia hilaren 28an egingo da Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxean. Egun osoan askotariko ekitaldiak izango dira bertaratzen direnentzat: umeentzako jolasak, ekitaldi politikoa eta herri bazkaria, besteak beste. Betagarri, Orkestra edota Makala DJ izango dira eguna musikaz alaitzeko ardura izango dutenak.

Antolatzaileek Errekaldera hurbiltzeko deia egiteaz gain, gainerako ekitaldietara ere joateko gonbita zabaldu zuten: «Beti sentitu izan dugu jendearen laguntza, horregatik, gertu izan diren guztiak 30 urteko borroka ospatzera gonbidatzen ditugu».

Talde internazionalista honen urteurrena dela-eta gauzatuko diren ekitaldien berri izateko, www.herriak.org webgunean egutegia zehazten duen atal berezi bat atondu dute.

Gaur, Israelen aurkako boikot akademikoak Kataluniako Unibertsitatean izandako eraginaren inguruko hitzaldiak egingo dira Leioan (12.00) eta Bilbon (19.00). Horrez gain, Fermin Muguruzaren «Checkpoint Rock» dokumentala emango dute Bilborocken (19.30).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo