GARA > Idatzia > Mundua

Afganistandik irteteko data zehaztea eskatu du lehen ministro britainiarrak

Soldaduak Afganistandik ateratzeko data zehaztearen alde egin du Britainia Handiko lehen ministro Gordon Brownek. Bere hitzetan, datorren urtean NATOk Londresen egingo duen gailurra erabaki hori hartzeko gune aproposa izango litzateke.

GARA |

Kanpo politika jorratzeko Lord Mayorrek Londresen antolatu ohi duen bazkarian, Gordon Brown lehen ministro britainiarrak soldaduak Afganistandik ateratzeko data zehaztea eskatu zuen. Bere aburuz, muturreko taldeen kontrako borroka arrakastatsua izan da eta horrek aukera ematen die bai NATOk bai Ameriketako Estatu Batuek herrialde horretan dituzten soldaduak ateratzeko data zehazteko.

Halako erabakia hartzeko gune egokiena NATOk datorren urtean Londresen egingo duen gailurra dela plazaratu zuen. NATOk Afganistanen dituen soldaduen komandante ohi David Richardsek soldadu britainiarrak Afganistanen 2014ra arte egongo direla esan zuen iragan hilabetean. Bere ustean, bost urte beharko dituzte indarkeriaren atzerakada antzemateko.

«2008ko urtarriletik hona, Al Kaedaren hamar goi kargudun hil ditugu, eta muturreko milizianoen artean ondorioak izan ditu horrek», nabarmendu zuen Brownek aipaturiko arrakasta argudiatzeko.

Aitzitik, Kanpo Harremanetarako ministro Davil Milibandnek soldaduak Afganistanen gelditzearen alde egin zuen NATOren biltzar parlamentarioan. Gobernua soldadu gehiago bidaltzeko «prest» dagoela jakinarazi zuen, beti ere, adostutako erabaki baten baitan.

«Ni, beste edozein pertsonak bezalaxe, soldaduak etxeko babesera ekarri nahi ditut, baina ezin dugu talibanek segituan beteko luketen hutsunerik utzi», gaineratu zuen.

«Sintomei aurre egin diezaiekegu eta hala arrakasta izan epe motzera. Baina, hori estrategia integral batekin lortuko dugu soilik», adierazi zuen.

Bestetik, talibanei segurtasunaren truke dirua eman izana ukatu zuen Londresek.

rasmussen

NATOko idazkari nagusiak, Anders Fogh Rasmussenek, laster soldadu gehiago izango direla esan zuen. Gobernuei baliabide militar gehiago eskatu zizkien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo