Jimmy Arrabit Trio, jazz erritmoei keinu eginez, herri kantuak hiritartzen
Jimmy Arrabit bateria-jotzailea berak sorturiko proiektu batean murgildu da buru-belarri. «Basa dantza» (Errabal) diskoan Zuberoako eta Bizkaiko kantu tradizionalak jazz kutsuz osatu ditu Jimmy Arrabit Triok.
Ane ARRUTI | BILBO
Jazzari keinu eginez ekin dio bateria-jotzaile donaixtiarrak Jimmy Arrabit Trio egitasmoari. Pauko Fred Feugas pianoan eta Baionako Xabi Hayet kontrabaxuan dituela, «mendiko» kantuetatik abiatu eta jazz garapen dotorez osatutako bederatzi konposizio sortzeko.
Itoiz, King Mafrundi eta Sustraia taldeetan aritutako musikari eskarmentuduna da Arrabit, eta orain aspaldian gogoan zuena gauzatu du. «Musikan hasi nintzelarik jotzen herriko bestetan-eta, beti entzuten nuen Xiberoa eta Baxe Nafarroa aldean gizonak kantu tradizionalak abesten. Eta beti gogoan nuen kantu haiekin zerbait egitea», azaldu zuen atzo Bilbon egindako aurkezpenean. Gerora etorri ziren Benito Lertxundik Ipar Euskal Herriko kantuekin ateratako diskoek bere adineko musikariak asko markatu zituela aitortu zuen: «Nik erraten diot `sindrome Benito'», gaineratu zuen, eta, ildo horretatik, «orain adinarekin egin dut nahi nuen bezala, pentsatu nuen bezala».
Erritmo aldetik ez dela «jazz-jazza» esan zuen, baina ezta folk edo bluesa ere. Guztietatik du ukituren bat. Arrabiten bateriak markatzen du erritmoa eta oso presente dago konposizio guztietan.
Diskoari titulua ematen dion «Basa dantza» kantuan, esaterako, banako erritmoaren inguruan egindako inprobisazio bat egin du hirukoteak eta Arrabitek, bateriaz gain, Brasilgo jatorria duen berimbau-a ere jotzen du. Gainerako piezak, «Ahaide delizius», «Huntan», «Urxapal», «Bortian Ahuski», Etxahun Iruriren zenbait kopla eta zortziko zein banakoak dira.
Ipar Euskal Herrian emanak dituzte zenbait kontzertu eta hirukoteak Bizkaian eskainiko ditu lau emanaldi aste honetan. Gaur Basauriko Ibaigane kultur etxean izango da 19.30etik aurrera, bihar Zornotzan, etzi Leioan eta larunbatean Ermuan.