Arrakasta bigarrenez jantokietako greban, %90eko jarraipenarekin
GARA | DONOSTIA
Lakuako Gobernuak kontratazio bidez kudeatutako eskola jantokietako langileek atzo ere LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituriko greba jardunaldiarekin bat egin zuten. Sindikatuen arabera, langileen %90ek egin zuten bat grebarekin. Zehazki, %95ak Bizkaia, %90ak Gipuzkoan eta %81ak Araban. Atzokoa aste honetako bigarren greba eguna izan zen kolektibo honentzat, astelehenean ere hamar langiletik bederatzik ez baitzuten lanik egin. Gauzak horrela, bi greba egun hauek, kolektibo honek bere aldarrikapenen alde egindako seigarren eta zazpigarren protesta egunak izan dira.
Sindikatuek adierazi zutenez, bi egunotako erantzuna ikusita, sektore honetako langileek «euren eskubideak bukaeraraino» defendatzeko prest daudela erakutsi dute. Horregatik, dei zuzena egin zioten Patronalari eta Lakuako Gobernuari sindikatuekin bildu eta denen artean hitzarmena negozia dezaten. «2008ko ekainetik hitzarmenik gabe gaude», esan zuten, «beraz, jokoak alde batera utzi eta sektore hau seriotasunez hartzeko ordua da».
«Negoziazio serio eta egiazkoa» lortzeko «edozein momentutan» negoziazio mahaian esertzeko prest daudela azaldu zuten eta Lakuako Gobernuak sindikatuei exijitzen dien erantzukizuna, -«beti izan duguna»-, haiek ere ager dezaten espero dutela adierazi zuten. «Bada garaia kolektibo honen grebak baldintzatzen saiatu beharrean, euren erantzukizuna onartu eta dagokiena negozia dezaten», esan zuten sindikatuek.
460 eskola, 55.000 haur
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 460 eskola jantokietan deitu dute sindikatuek greba bi egunotan. 55.000 ikasleri ematen diete zerbitzua horietan 3.500 pertsonaz osaturiko kolektiboak. Langileen aldarrikapen nagusiak, %5eko soldata igoera, lanaldia handitzea, prestakuntza zehatza eta langile bakoitzeko haur gutxiago izatea dira.