GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Ikasleen Nazioarteko Eguna

Marra gorriak ikusaraziz astindu ditu ikastetxe eta fakultateak IAk

ezkuntzak hamaika eraldaketa jasan arren, ikasleria bere eskubideen alde bizirik eta borrokan dirauen kolektiboa dela frogatu zuen atzo bere nazioarteko egun handian. H

burrunbada3.jpg

GARA

Ikasleen mobilizazioek ikastetxeak eta campusak astindu zituzten atzo, izan ere, zazpi hamarkada bete ziren Pragako Unibertsitateko atarian naziek bederatzi ikasle-ordezkari fusilatu eta beste 1.200 kontzentrazio esparruetara eraman zituztenetik. Ikasle horien oroimenez izendatu zuten azaroaren 17a Ikasleen Nazioarteko Eguna 1941. urtean, eta orduz geroztik, data horretan kalera atera ohi dira mundu osoko ikasleriaren aldarrikapenak.

Euskal ikasleentzat ere data berezia da azaroaren 17a, eta are esanguratsuagoa atzokoa, hogei urte betetzen baitziren Ikasleen Nazioarteko Eguna gurean ospatzen hasi zenetik. Ikasle Abertzaleak mugimenduak ez zuen aukera hori alferrik galdu eta ikastetxeetan mota guztietako ekimenak burutu zituen.

Ikasturtea abiatu denetik eskolak eta fakultateak aztertzen eta ikasle eskubideen gaineko diagnostikoa egiten dihardu IAk eta atzo, ikastetxe eta fakultateetan aurkitu dituzten «marra gorriak markatzen» aritu ziren. Esan eta egin, izan ere, ez ziren gutxi izan gorriz margotuta esnatu ziren fakultate eta EHUko logotipoak.

Lehen orduetan, ikasle asanbladak izan ziren ikastetxe gehienetan egindako diagnostikoak ezagutarazi eta eztabaidatzeko, eta horiek amaituta etorri ziren elkarretaratze eta manifestazioak.

Irudimena lagun izan zuten ikasleek atzo, Leioako Arte Eder Fakultatean margo gorriz betetako ur pistolekin egin zuten protesta, eta Arangoitin margolariz mozorrotuta gorriz markatu zituzten bidean gaztelania hutsez aurkitu zituzten kartelak. Deustuko eta Basauriko ikasleak ere, margolari aritu ziren eta patioan mural bat egin zuten.

Gasteizko campusean 120 ikasle batu ziren unibertsitatea zeharkatu zuen burrundaran; 100 NUPeko asanbladan; 50 Ibaetako ekimenean; eta 80 Leioako Campusean. Bertan manifestazioa eta bide mozketak egin zituzten.

Eskoletan ere makina bat ekimen egin ziren, hala nola Erromon 10 ikaslek egin zuten kontzentrazioa; 30ek Markinan eta Deustun; 25ek Balmasedan; 68 bildu ziren Gasteizko Koldo Mitxelenan eta 15 Mendebalden; 130 Arabako Errioxan; 60 Azpeitian eta 30 Oarson, besteak beste.

Ohi den legez, hainbat eskubide demokratikoren urraketei ere aurre egin behar izan zieten ikasleek atzo. Horrela, Ertzaintzak Azpeitiko ikasle bat identifikatu zuen eta Balmasedan, DBHko 3. mailakoei asanbladara joatea ukatu ondoren eserialdia egin zuten zuzendaritzaren aurrean.

Iruñean boz eske

NUPeko ikasle eta abertzaleek egunotan izango diren ikasle hauteskundeetarako aurkeztu duen hautagaitza plazaratu zuten atzo. Diagnostiko sakona egin ondoren, indarrean den unibertsitate eredua «nahikoa ez dela» ondorioztatu eta horren alternatiba gisa IAk bere hautagaitza aurkeztu du. «Ikasle kritiko eta askeak heziko dituen unibertsitate eleanitz eta publikoa» da ikasle mugimenduaren proposamena eta horren alde bozkatzeko dei egin zioten ikasleriari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo