GARA > Idatzia > Euskal Herria

Agudo justizia espainolaren esku uztea onartu dute Pauen

Auzitegi Nazional espainolak egindako eskariari erantzunez, Joseba Agudo abokatuaren gaineko euroagindua onartu zuen atzo Paueko epaileak. Horren arabera, datozen egunotan justizia espainolaren eskuetan utz lezakete Agudo. Hala ere, haren defentsak helegitea aurkeztuko du Auzitegi frantsesean, «forma-akatsak» direla-eta. Izan ere, euroagindua onartua izateko bete beharreko baldintzak Agudoren kasuan ez direla betetzen uste du defentsa abokatuak.

GARA |

Atzo eman zuen Paueko Auzitegiko epaileak Joseba Agudo abokatua Estatu espainoleko epaitegien esku uzteko erabakiaren berri. Horrela, behin euroagindua onartuta, datozen egunotan Espainiaratua izan daiteke. Agudoren defentsak, ordea, «forma-akatsak» izan direla argudiatuz, helegitea aurkeztuko du Auzitegi frantsesean.

Aurreko asteartean aztertu zuten Pauen Auzitegi Nazional espainolak abokatuaren aurka eskatutako euroagindua. Agudoren defentsak, Maritxu Paulus-Basurkok, nabarmendu zuen, ordea, Bordelen atzemandako hiru militanteen atxiloketen ondoren bildutako informazioan oinarritzen dela justizia espainolaren eskaria.

Euroagindua, onargarria izatekotan, ustezko delitua gertatu den lurraldeak eskatu behar du, eta defentsa abokatuaren esanetan, Agudoren kasuan ustezko delitua ez da Estatu espainolean egindakoa. Beraz, Madrileko Auzitegiak euroagindua eskatzeko arrazoirik ez daukala nabarmendu zuen defentsak, eta ontzat ez emateko eskatu zion Auzitegi frantsesari.

Hala ere, Fiskaltzaren esanetan Agudori egozten dioten delitua, alegia, iheslarien eta ETAren arteko «lotura» egitea, justizia espainolaren esku uzteko nahikoa arrazoi da.

Bestalde, epaiketan bertan, Paueko Abokatuen Elkargoko dekano Jean-François Blancok abokatuek euren defentsa lanetan libreki aritzeko duten eskubidea berretsi zuen.

Agudo urriaren 28an atxilotu zuen Hendaian Polizia frantsesak eta ordutik Seysses espetxean dute kartzelatua.

Olano, Ezeiza eta Garcia, aske

Martxoaren 31n Hernanin eta Urnietan gazte independentisten aurka egindako operazio batean Polizia espainolak atxilotutako Asier Olano, Jon Ezeiza eta Mikel Garcia libre gelditu ziren atzo, 30.000 euroko bermea ordaindu ondoren.

Amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, espetxeratuak izan zirenetik Estatu espainoleko kartzeletan sakabanatuta egon dira hiru gazteak. Hala, zazpi hilabeteren buruan, Sotoko espetxetik irtengo da Olano; Ezeiza, Alcalatik; eta Garcia, Navalcarnerotik. Operazio berean beste bost lagun ere atxilotu zituzten Polizia espainolak.

Arrasateko amnistiaren aldeko mugimendukoek, bestalde, euskal preso politikoen eta euren senideen aurkako «eskubide urraketak» salatzeko asmoz, azaroaren 27an, Herriko Plazan egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko deia egin zuten.

Era berean, Josu Uribetxeberria arrasatearraren egoera «onartezina» dela azaldu zuten. Izan ere, Uribetxeberriari 2005ean giltzurruneko minbizia atzeman zioten, eta gaitzari aurre egiteko ebakuntza ere egin zioten. Arrasatearrak espetxean jarraitzen du, hala ere, «gaixotasunaren jarraipena egitea eragozten badu ere».

Aurreko ostegunean bere familiak espetxe aldaketaren berri izan ondoren, larunbatean Burgosera joan ziren bera bisitatzera. Bertara iristean ordea, Uribetxeberria han ez zegoela ziurtatu zieten. Ordutik ez dakite non dagoen.

Bestalde, astelehenean 85 lagun elkartu ziren Santurtzin presoen alde, 82 Ondarroan, 20 Bermeon eta Ataunen, 25 Zaldibian, 17 Ordizian, 13 Euban, 45 Iurretan, 15 Zorrotzan, 42 Laudion, 18 Otxarkoagan, 17 Donostiako Añorgan eta 31 Altzan. Atzo 100 elkartu ziren Arriagan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo