GARA > Idatzia > Kirolak> Eskubaloia

Asobal Liga

Koparako sailkapena ere jokoan da aspaldiko euskal derbirik estuenean

p044_f01.jpg

Asier AIESTARAN

San Antoniok eta Arratek denboraldiko lehen euskal derbia jokatuko dute Asobal Ligan (20.30, Iruñean, Nafarroako Unibertsitateko Pabiloian). Norgehiagokak, gainera, inoiz baino ikusmin handiagoa piztu du, sailkapenak bi taldeen artean erakusten duen tartea inoiz baino estuagoa baita. San Antonio zazpigarren postuan dago hamar punturekin, eta Arrate hamargarren zortzirekin. Gaur irabaziz gero, etxeko taldea goiko postuetan sartuko da eta ia ziurtatuta izango du Koparako sailkapena; eibartarren garaipen batek, ordea, bi taldeak berdinduta utziko lituzke sailkapenean.

San Antonio oso une gozoan iritsiko da derbira. Chechu Villaldearen mutilek jokatutako azken bi partidak irabazi egin dituzte: Pilotesen aurka ligan eta Volendam apalaren kontra Europako Errekopan. Orain dela ez asko Valladolid indartsua ere mendean hartu zuten etxean, eta larunbatean Holandan sartutako gol sortak taldearen morala igotzeko balio izan du.

«Jardunaldiak pasa ahala, defentsan gero eta lan hobea egiten ari gara. Azkenaldian baloi gutxiago galtzen ditugu eta ate aurrean gehiago asmatzeko gai izan gara. Horretan segi beharra daukagu», onartu zuen Villaldeak partida bezperan.

Egutegia eta udako aurrekaria

Bestelakoa da Arrateren egoera. Eibarkoek, iazko denboraldian izandako arazo ekonomikoak ahaztuta, sekulako denboraldi hasiera egin zuten, zaleak harritzerainokoa. Une honetan egutegiaren zati zailenean sartuta daude erabat. Aurreko jardunaldian Ademarren aurka jokatu -eta galdu- zuten, gaur San Antoniori egingo diote bisita, eta hurrengo partida Bartzelonaren aurka izango dute. Okerrenean jarrita, hiru neurketak galduz gero, Arratek nabarmen egingo du atzera sailkapenean epe laburrean.

Julian Ruiz entrenatzailea, ordea, baikor azaldu da egunotan eta taldeak eman duen itxurarekin oso pozik: «Lasai nago. Taldea partidaz partida joatea nahi dut eta azken neurketan egindako lan ona errepikatzen badugu, ziur naiz ezustekoren bat emateko gai izango garela».

Arrateren aukerak mahai gainean jartzeko bi elementu behintzat badaude. Batetik, gogoratu beharra dago denboraldiaurrean jokatutako partidan gipuzkoarrek 22-26 irabazi zutela. Bestetik, San Antoniok jasan dezakeen nekea ere kontuan hartu behar da. «Bosgarren edo seigarren norgehiagoka dute oso denbora gutxian, eta zalantzak ditut hitzordura nola iritsiko ote diren», aitortu zuen Julian Ruiz berak.

Albisterik onena, eta azken urteetan izan dituzten lesio izurriteak ezagututa, gaur bi taldeak ia osorik ikustea izango da. Nafarrek aski ezagunak diren Jon Belaustegi eta Santi Urdiales bajak izango dituzte, baina Jurkiewicz -Arrateko jokalari ohia- jokatzeko moduan da. Eibartarrek, aldiz, talde oso-osoa jokatzeko prest dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo