GARA > Idatzia > Kultura

Lekeitioko Zine Bilera, 32 urte euskarazko ametsak pantailaratzen

XXXII. Euskal Zine eta Bideo Bilera aurkeztu zuten atzo Lekeition, euskara hutsez munduan egiten den bakarra. Azaroaren 24tik 28ra bitartean, hogeita hamabost lan emango dituzten herriko Ikusgarri zinema aretoan, Urrezko Antzara nork lortuko. Lanik gehienak amateurrek egindako dokumentalak dira, eta lanen jatorriari dagokionez, hiru arabar, hamabi gipuzkoar eta hogei bizkaitar daude. Horietatik zortzi Lea-Artibaikoak dira, eta lau Lekeitio bertakoak.

p048_f01_199x108.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

«Munduan euskara hutsez egiten den zinemaldi bakarra» dugu Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bilera, atzo XXXII. edizioko aurkezpenean Jose Maria Cazalis herriko alkateak eta Benito Ansola jaialdiaren arimak prentsaurrekoan azaldu zutenez.

Tradizio handiko Zinemaldi xumea da Lekeitiokoa, «euskaraz lan egiten duten zinemagileen artean aski ezaguna» eta ikusleen artean ere harrera beroa jasotzen duena, alkatearen esanetan.

Orain dela hiru hamarkada zinemazale grinatsu talde batek sortua, iaz Udalak hartu zuen jaialdiko ardura nagusia -aurreko antolatzaileak nekatuta zeudela eta-, eta oro har egoera ekonomiko larria igarotzen ari garen arren, «datorren urtekoa ere ziurtatuta dago», atzo argitu zutenez, egurats ezatsegin baina umore onean egindako agerraldian.

Aurtengoan, guztira hogeita hamabost lan aurkeztu dituzte Zine Bilerara -baldintzak betez gero, jasotako guztiak onartzen dituzte-, eta iaz ere antzeko parte-hartzaile kopurua izan bazuten ere, «inoiz izan dugu gutxiago ere», argitu digu Ansolak. Horietatik hiru arabarrak dira, hamabi gipuzkoarrak eta hogei bizkaitarrak -«Ipar Euskal Herrikoek eta nafarrek kale egin dute aurten», dio Ansolak-. Eta azken hauetatik zortzi Lea-Artibai eskualdekoak, «lau Lekeitio bertakoak». Urrezko Antzara sari nagusia lortzeko lehiatuko dira guztiak.

Zine Bilera bi sail nagusitan banatzen da: profesionalak eta amateurrak. Eta sail bakoitzak beste hiru azpimultzo ditu gainera, dokumentalari, argumentudun lanari eta sormen lanari eskainiak. Zilarrezko Antzaraz gain, 1.600 euro jasoko dituzte profesional irabazleek eta 1.200 euro amateurrek -dirutan gora egin dute sariek aurten-, eta Brontzezko Antzara bigarren sailkatuek (gehi 1.100 euro profesionalek eta 800 amateurrek). Epaimahaia, berriz, Begoña Vicario eta Saioa Olmo EHUko Arte Ederretako irakasleak, Elena Marrodan eta Koldo Gutierrez errealizadoreak osatuko dute.

Lekeitioko Zine Bilera azaroaren 24an hasiko da, asteartean, eta azaroaren 28an bukatu. Emanaldi guztiak Ikusgarri aretoan emango dituzte, 19.30ean hasita. Larunbatean, emanaldien ostean, sari banaketa egingo dute, Julio Ibarra eta Estitxu Fernandezek gidatu eta Gorka Zabaleta kantariak girotu saioan.

Jaialdiaren arima

Zine Bilera Udalak bere gain hartu duen arren -bigarren urtea du honakoa-, Benito Ansola grinatsu aurkitu genuen atzo, antolakuntza lanetan laguntzeko prest eta zinema kontuetan ondo jantzita, laurogei urteko muga gainditua badu ere. Herriko parroko izandakoa «lan amateurrek profesionalek besteko kalitatea edo handiagoa izateak» harritu du aurten gehien.

Ansolak «dokumentala sormen lana baino errazagoa» den irudipena du, eta aurten arlo horretan profesional mailan hiru baino ez direla aurkeztu gogorarazi digu -amateurrak, berriz, dozena bat-. Eta hausnarketa orokorragoa eginda, «pelikula gehienak ondo eginda daude» onartu digu, baina zineman, egun, bihotzera heltzeko, barrutik hunkitzeko, zailtasunak daudela uste duela ere bai, «bitarteko asko, baina gai sakon edo ideia gutxi» dagoela nabarmenduta.

Orain hogeita hamabi urte «euskara eta ikus-entzunezkoen mundua uztartzeko ahaleginetan» sortu zuten jaialdia, euskararekiko ardura nabaria baitzen inguruan, «baina inork ez baitzuen aintzat hartzen euskararen sustapena zinemagintzan».

Markina-Xemeingo ikastetxean «zinema eskolak» emandako Ansolak gogoan du Lekeitioko Zine Bileraren hasiera zer izan zen. «Aurreneko urtean Udalak 5.000 pezeta eman zizkigun, eta 8 edo Super 8an egiten genituen filmak -baita nik ere-», dio John Forden miresle eta Donostiako Zinemaldiaren jarraitzaileak.

Jon Grande: «Hasieran Super 8 formatuarekin egiten genituen lanak, fotogramak kontatu, ebaki, pegatu...»

Lekeitioko Zine Bileraren nondik norakoak hobeto ulertzeko ia urtero bertan parte hartzen duen zinemagile batengana jo dugu, Jon Granderengana. Lekeitiarra da bera, eta lanean aurkitu dugu Txiki Txoko dastategian, umoretsu. Bertako erakusleihoa Zine Bilerako afitxa eta kameraz apaindua du egunotan, eta bertan ageri da aurten aurkeztuko duen dokumentala, «Che-ren ispiritua bizirik». Barruan, hainbeste argazkiren artean, Zilarrezko Antzara ere badu, horman eskegita, berak egindako fikzio lanetariko batekin lortua.

Grandek gogoan du «Euskal Herrian euskaraz egiten den jaialdi bakarraren» hasiera zer-nolakoa izan zen, eta nola egiten zituzten lehen filmak «Super 8an, 1970eko hamarkadan». Harrezkero, ia urtero parte hartu du lekeitiarrak herriko Zine Bileran, baita garaikur mordoa lortu ere, bai bertan, bai Gasteizen, «1983an edo, Veneziari buruzko dokumental bategaz, Jose Luis Bakedano -egun Bilboko Arte Ederretako Museoko zinema arduradunak- muntatua».

Lekeitiokoaz gain, beste ekimen batzuetara ere bidaltzen zituen lanak -nahiz eta zinema lanbide hartzea ez zaion inoiz otu-, baina «itzuli egiten zizkidaten», espainolez edo ingelesez beharrean, euskaraz zirelako.

Lekeitiar zinemazaleak gai bat aukeratu eta dokumentalak garatzen ditu gehienetan, edo pertsonaia historikoak, «bizitasuna badute edo material zaharrak aurkituz gero». Aurten Che Guevarari eskaini dio Lekeitioko Bilerara aurkeztu duen lana, «hil zuteneko 48. urtemugan». Grande Santiago de Cuban izan da aurten -bertako argazkiz josia du dastategia-. Radio Rebelden entzun zuen Los niños de la Moncada -del pañuelito azul-, urteroko omenaldia egin behar ziotela, «eta grabatu egin genuen».

Lanak egiteko oporrak profitatzen ditu lekeitiarrak, «nora joango garen pentsatu eta bertan zer edo zer muntatzeko». Egun kamera digital eta ordenagailuekin egiten du lana, ez lehen bezala, «Super 8an, fotogramak kontatu behar... ebaki, pegatu...». Alta, «jada ez dut astirik» egin digu kexa, jo eta su lanean dihardu-eta, goizeko lauretan hasita.

Ilusioa bizirik du, halere, lekeitiarrak, burutu ostean berak sortutako lanak bezeroei jartzen dizkie eta. «Oraintsu Santo Tomas eguneko bat jarri dut, 1989koa, zenduak diren lagun ugari agertzen duen dokumentua».

A. B.

AMATEURRAK

Amateurren lanek profesionalen besteko maila edo hobea izateak harritu du aurten gehien jaialdiko arduradunetarikoa den Benito Ansola.

LEA-ARTIBAI

Aurten Zine Bilerara aurkeztutako hogeita hamabost lanetatik zortzi Lea-Artibai eskualdekoak izan dira, eta horietatik lau lekeitiarrek eginak.

Fitxa

Jaialdia: XXXII. Euskal Zine eta Bideo Bilera.

Data: Azaroaren 24tik 28ra.

Lekua: Ikusgarri zinema (Lekeitio).

Ordua: 19.30ean.

Lanak: 35 film.

Informazio gehiago: www.bideobilera.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo