Ibai Iriarte Otsabi auzo lokala
Auzora itzal beltzak etorri dira...
Tolosako Otsabi Auzo lokalaren izenean, herenegun izandako Aritz lagunaren atxiloketa zein gure lokalaren miaketa salatu nahiko genituzke.
Gaua lagun, armaz jositako 20 bat itzalek gure lagun Aritz atxilotuta zutela, auzo elkarte honek erabiltzen duen udal lokala bortxatu dute. Lokal hau auzoari begirako gune aske bat da, non edonork atea irekita topatzen duen beti. Lokal honetan auzo elkarteaz haratago, musika taldeek entseatzen dute, auzoari zein Tolosari begirako kultur ekintza anitzak antolatzen ditu Sanblaspiko gazte asanbladak. Auzoko festa, zine kluba, antzerkia zein kontzertuak, ikastaro zein mendi irteerak antolatzen ditugu.
Jende anitza gara, ideia politiko desberdinez hornituak. Batzen gaituena kultur ekitaldiak, ekintzak eta, finean, herri bizia suspertzea da. Autogestioan sinesten dugu, gero eta komertzialagoa den kulturaren gainetik, iniziatiba pertsonal zein kolektiboak garatzeko gunea izan nahi du Otsabik.
Lokala beti dago irekita, eta prest gaude, agindu judiziala lagun, Madrildik etorritako 650 horiei ateak irekitzeko. Ez daukagu ezer ezkutatzeko. AHTren aurkako DVD bat saltzeko, festetako kartel baten kopia emateko bai. Etzazue baino gaua eta iluntasuna erabili Aritz bortizki atxilotu eta gure lokala bortxatzeko. Aritz herriko mutiko bat da, kalean edonork topatzen duena, lagunen laguna. Ez du ezerk justifikatzen gauean, jada errudun moduan, atxilotua izatea.
AHTren aurkako informazio DVDak, ordenagailuko disko gogorra eta dirua ostu dizkigute. Irailean ospaturiko auzo festetako kartelak hartu, entsegu gelako atea txikitu eta gela intsonorizatzeko hilabetetako lana pikutara bota! Nazkaturik gaude gure kide Aritz orain inkomunikaturik dagoela jakiteaz. Nazkaturik, gazte eta euskaldun izateagatik atxilotua izateko arriskuan egoteaz.
Gure aldetik, momentu honetan ezin dezakegu gehiegi egin, gure elkartasun eta maitasun guztia familiari eskaintzea eta auzo zein Tolosari begirako herri bizitza suspertzeko lan gozoan jarraitzea baino.
Azkenik, Otsabi Auzo lokalekook Aritzen askatasuna berreskuratzeko Udalari bere esku dagoen guztia egiteko eskatzen diogu. Herritarrei, burutuko diren mobilizazioetan parte hartzea.