GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Alakrana» kasuak argi utzi du alderdien kezka etekin politikoa dela, ez gizartearen kezkak

Bahituta egon zen bitartean bezala, «Alakrana»ko eskifaia askatu ondorengo egunetan ere bahituen senideek ardura bera erakutsi dute, eta ardura beraren jabe izan dira arrantzaleak beraiek ere, herenegun arte adierazpenik egin ez zutenak. Guztiz alderantziz, alderdiek lehia politikoaren gai nagusi izan dute bahiketa, haren erabilera alderdikoiari helduta. Eta atzo Gobernu espainoleko presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak ere aurreikusitako gidoiari eutsi zion, bere Gobernuak zuzen jokatu zuela, dena ondo egin zuela esanez. Hartara, denek bete dute gidoia, baina denek huts egin dute, hitzetik hortzera herritarren «benetako kezkak» aipatzen badituzte ere, beren benetako kezka etekin politikoa dela argi utzita, alegia herritarren «benetako kezkekin» zerikusirik ez duen etekin politikoa. Arrantzaleek eta haien senideek nabarmen utzi dituzte politikarien arteko ika-mikak, nabarmen Gobernu espainola eta alderdi politikoen eta gehien arduratzen omen dituen gizartearen arteko alde itzela. Eta gizarteari ez bide dio sentsazio onegia utzi «Alakrana» bahituta egon zenean eta ondoren entzun eta ikusi duen horrek guztiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo