EUSKAL SELEKZIOAK Abenduaren 27an belodromoan
KirolHarria ekimenarekin bat egiteko deia kirolariei
Euskal Herria aintzat hartuko duen kirol esparruaren aldeko atxikimenduak biltzeko prozesua martxan da.
Asier AIESTARAN
Euskal Herriko Kirolariak erakundeak ekin dio datorren abenduaren 27an Donostiako belodromoan egingo duen KirolHarria jaialdirako atxikimenduak biltzeari. Helburua Euskal Herria aintzat hartuko duen kirol esparrua sortu eta bultzatzeko urratsak ematea da, eta ekimena martxan jarri duten kirolariek dei egiten diete beste euskal kirolari guztiei, ideia horren inguruan ahalik eta jende gehien biltze aldera.
Atxikimendura dei egiten duen dokumentuak hiru ideia ditu ardatz: kirola egitean, Euskal Herria aintzat hartuz, euskal herritar gisa aritzeko aukera izatea; nazioartean, bakarka edo taldeka, Euskal Herria ofizialki ordezkatuz parte hartzeko aukera izatea; eta horretarako zazpi euskal lurraldeetako kirolariak bilduko dituen tresna baten beharra aitortu eta hori sortzen saiatzeko borondatea azaltzea. Ideia horiekin bat egiten duten euskal kirolari guztiek, profesionalki aritu edo ez, hitzordu bat dute 17.30ean hasiko den jaialdian.
Ekimenaren bultzatzaileek oso argi utzi nahi dute kirolariek kirolarientzat antolatutako zerbait dela, ez duela alderdi politiko edo bestelako erakundeekin zerikusirik. Normala den moduan, kirolariez gain, bestelako jende askok bat egingo du beraien jarrera eta ideiekin, baina ekimena euren kabuz antolatuko dute, «euskal kirolariok norabide berean arraun egiten hastea pauso handia» litzatekeelako, beraien ustetan.
Kirolari bakoitzak bere atxikimendua edo inguruan bildutakoak atxikimendua@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko ditu, izen-abizenak, herria, kirola eta taldea zehaztuz. Atxikimendu guztiekin zerrenda bat egingo da eta Durangoko Azokan aurkeztuko da jendaurrean. Horregatik, abenduaren 4rako deialdia ahalik eta jende kopuru handienari helaraztea garrantzitsua izango da.
Atxikimenduekin batera, eta posible den heinean, kirolariek laguntza ekonomikoa ere eskatu dute, jaialdiaren gastuei aurre egiteko. Hainbat kirol elkarterekin harremanetan dira jada eta laguntzeko prest dagoenak euskalherrikokirolariak.org webgunean aurkituko ditu beraiekin harremanetan jartzeko bide egokiak.