GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Asteburuko neurketa prestatzen

Protagonismoa berreskura lezake berriro Muniainek

Caparrosek aldaketa bakarra egin lezake igandean Almeriaren aurka kanpoan jokatu behar duen lehiarako, Orbaiz kanpoan utzita. Susaetak bigarren aurrelari gisa jokatuko luke, Barçaren aurka egin zuen era berean.

p041_f01_97x164.jpg

GARA | BILBO

Atzoko entrenamenduan ikusi zenagatik, azken asteetan Athleticek hartu duen bide onarekin jarraitu nahi duela dirudi Joaquin Caparros zuri-gorrien entrenatzaileak. Izan ere, Bartzelonaren aurka erakutsitako joko onaren ostean, datorren igandean Almeriaren aurkako neurketarako baliteke andaluziarrak talde erasokorra ateratzea.

Horren erakusle da Lezaman probatu zuen taldea. Atzeko postuak apenas ukitu gabe -Etxeita aritu zen Amorebietaren ordez, azken hau ez baitzen taldekideekin entrenatu-, erdialdean eta aurrean egin zituen aldaketarik nabarmenenak. Hala, honako jokalariekin egin zuen proba: Iraizoz, Iraola, Ustaritz, Etxeita, Koikili, Gurpegi, Javi Martinez, Muniain, Yeste, Susaeta eta Llorente.

Beraz, Juegos del Mediterraneo futbol-zelaian erabil lezakeen hamaikakoan aldaketa nagusia, eta bakarra, Muniain izan daiteke Orbaizen ordez. Jokalari gaztea min hartuta iritsi zen Bilbora selekzio espainolarekin Mundiala jokatzen aritu eta gero. Caparrosek atsedena eman zion Barçaren aurkako partidan, baina badirudi guztiz osatuta egongo dela astebururako.

Saioan erabilitako hamaikakoaren arabera, Markel Susaeta bigarren aurrelari gisa aritu liteke, kataluniarren aurka egin zuen era berean. Postu hau ez da ohikoa eibartarrarentzat, eskuinean aritzen baita normalean. Hala ere, prentsaurrekoan azaldu zuenez, berdin zaio zein tokitan jokatu: «Postu horretan jokatu izan dut eta gustura sentitu naiz. Jokatzen dudan bitartean, berdin zait non jokatu».

Gipuzkoarra denboraldi ona egiten ari da aurten, izan ere, iaz baino «konfiantza handiagoa» duela adierazi zuen, Lehen Mailan jokatu zuen lehen urtean «pixka bat» kostatu baitzitzaion. «Aurten ez dakit txispa gehiagorekin nagoen edo ez, baina bai konfiantza handiagoarekin. Oraingoz, gauzak ondo doaz, taldea ondo dago, eta hori guztion onerako da», nabarmendu zuen.

«Etxean faborito»

Pablo Orbaiz, Almeriaren aurkako partidan hamaikakotik atera litekeen jokalaria, Bartzelonaren aurkako neurketaren analisia egin zuen entrenamendua amaitutakoan. «Jokalariek garrantzia eman diote oso garrantzitsua den puntuari, baina puntu bat da eta ez dugu etxean irabazi. Athletic San Mamesen faborito izaten ohitu behar dela uste dut», adierazi zuen.

Bide onari buruz, aldiz, lasaitasuna eskatu eta hurrengo partidan pentsatu beharra dagoela azaldu zuen nafarrak. Izan ere, «Ligan, bi edo hiru jardunalditan gauzak beste era batean ikusten dira eta lasai egon behar dugu. Hamaika jardunaldi daramatzagu oraindik, honek buelta asko ematen ditu eta oso luzea da».

Atzoko saioari dagokionez, Amorebietaz gain, min hartuta dauden Ocio, Zubiaurre eta Muñoz ez ziren taldekideekin entrenatu. Horrez gain, nahiz eta lehen taldeak arratsaldean jai izan zuen, San Jose, Etxeita, Diaz de Cerio eta Ion Velez bigarren taldearekin eta Baskoniarekin entrenatu ziren.

Hoy se ponen a la venta las entradas para Viena

El Athletic pondrá hoy mismo en San Mamés a la venta las entradas para sus socios para el partido que enfrentará al Austria Viena y el Athletic en el Franz Horr Stadion el próximo jueves 3 de diciembre, correspondiente a la Europa League. Las localidades, con precios de 25 euros, podrán ser retiradas en las mencionadas taquillas, con un límite de dos entradas por persona y carnet, hasta agotar las mismas. El horario de taquillas es el siguiente: de 10.30 a 13.30 y de 16.30 a 19.30.

Las localidades sobrantes, en caso de que las hubiera, se pondrán a la venta para el público mañana, en horario de 10.30 a 13.30 y de 16.30 a 19.30, con un límite de dos entradas por persona.GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo