TXAPELKETA NAGUSIA 2009
Belodromoa, urrezko aro baten ikurra
Musulman muturrekoek errekaz, leku umelez eta emakumez (gizonez?) beteta irudikatzen dute paradisua. 1990eko hamarkadako bertsozale muturreko bati zerua irudikatzeko eskatuz gero, Donostiako Belodromoa deskribatzen has daiteke. Eta ondo pentsatzen jarrita, Jainko baten bizarrei begira baino dibertigarriagoa dirudi betikotasunak tarteka Andoniren edo Sebastianen bertso batzuk entzunez.
Joxean AGIRRE
Espazio-ontzi baten forma du Belodromoak eta, egia esan, sekulako bidaiak jo dituzte han barruan 90eko hamarkadako bertsozaleek. Amaren altzoa eta gisako irudi freudianoak ere ekarriko dizkie gogora kontu horietan zaletuak direnei eta zerbait beroa edo epela gogarazten digu leku horretan final bat baino gehiago bizi izan ditugun bertsozaleoi.
Oilasko erreak hartuta etortzen ziren orduan bertsozale multzoak autobusetan eta piknik erraldoiak antolatzen zituzten Anoetako zabalguneetan. Bertsolaritzak urrezko aro bat baino gehiago izan ditu eta aldi hura izan zen bat, zalantzarik gabe. Urrezko aro horren ikur bilakatu zen Belodromoa.
Hogeita hiru urte igaro dira Belodromoan lehen finala egin zenetik, baina bertsozale askok atzo goizeko kontuak balira bezala gogoratzen dituzte orduko gorabeherak. Jexux Muruak ere ez zuen buruari buelta asko eman beharrik izan finalaren aurreko egunetan (gauetan, hobeto esanda), agertokia eta aforoa edo ikusleentzako lekua prestatzen nola ibili ziren gogoratzeko.
«Hasieran Karmelo Baldan egitekoak ginen finala, baina hasita zeuden segurtasun neurriak hartzen eta kantxan aulkiak jartzea debekatu zigutelako hasi ginen leku alternatibo baten bila. Egia esan, ez genuen denbora askorik galdu eztabaidan. Pello Aiesta arkitektoa zen antolakuntzako zuzendaria eta berak esan zuen lehendabiziko aldiz Belodromoa izan zitekeela lekurik egokiena», hasi zen Jexux Murua kontatzen.
Artean Bertsolari Elkartea martxan jarri gabe zegoen. Euskaltzaindiarekin desadostasunak sortu zirelarik, talde bat hasi zen txapelketa antolatzen. «Belodromoa entzun, eta izutu egin ginen pixka bat, baina oso azkar eman genuen ameto. Intuizio bat izan zen, baina giroan ere sumatzen zen horrelako aldaketa baten premia. Zerotik hasi ginen kanporaketak antolatzen. Euskaltzaindiari bertsolariek planteatu zizkioten bost puntuetako bat, hain zuzen, bertsolari guztiei parte hartzeko aukera ematea zen. Txapelketak aurrera egin ahala hartu genion tenperatura eta 6.000 lagunentzako lekua prestatu genuen», esan zuen.
Gauez lanean
Behin ikusle kopurua erabakita, agertokia prestatzen hasi ziren. «Hiru lagunek aste osoa pasatu genuen agertokiko toldoa muntatzen. Gauez, iluntzeko zortzietan hasi eta goizeko ordu batak arte jarduten genuen muntatzen eta toldoak bilduta zintzilik utzi behar izaten genituen, astean zehar entrenamenduak egiten zirelako», erantsi zuen.
Victoria Eugenia, Astoria eta Karmelo Balda izan ziren Belodromoaren aurretik txapelketa nagusiak finalerako erabili zituen agertokiak. Astorian 700 bertsozale sartuko ziren asko jota, Karmelo Baldan 3.000 eta 1986ko finalean bikoiztu eta ondorengoetan hirukoiztu egin zen kopuru hori.
Imanol Lazkanok inork baino gertuagotik jarraitu zuen aro berriaren bilakabidea. Prozesua bertsolariek aurkeztu zuten bost puntuko idazki batekin abiatu zen. «Euskaltzaindiarekiko desadostasunak aipatzen dira, baina ez zen desadostasunik egon. Afari bat egin genuen Euskaltzaindiko ordezkariekin eta bost puntuko idazki bat aurkeztu genien. Ados zeudela iruditu zitzaigun, gainera. Handik egun batzuetara prentsaren bidez jakin genuen gure eskabideei jaramonik egin gabe beren txapelketa antolatzera zihoazela. Horretarako izena emandako nahikoa bertsolari bazituztela zioten. Izena emanda zegoen jende horri gure bost puntuak erakutsi genizkien eta eskatzen genuena arrazoizkoa zela ikusten zutenez, baja ematen hasi ziren. 1985ko udaberriko kontuak dira horiek. Horrela erabaki genuen antolakuntza geure esku hartzea», adierazi zigun Imanol Lazkanok.
Bost puntu horietatik garrantzitsuena bertsolari guztiei txapelketan parte hartzeko aukera ematea zen. «Lurraldeka kanporaketak antolatzeak sekulako mugimendua sorrarazi zuen», erantsi zuen Lazkanok. Beste puntu batek epaimahaiak puntuaketa agerian ematea eskatzen zuen. Herri Arteko Txapelketan eta 1986ko Nagusian erabili zen puntuatzeko sistema hori. Giro aldaketa hori Belodromora agertu zen publikoak utzi zuen agerian. «Lehen Land Roverrarekin eta buruan txapela jantzita joaten ziren bertsozale horiek ez ziren desagertu, baina gazte uholdeak estali zituen», esan zuen.
Itsaso txiki bat
Bitan izan zen finalista Mikel Mendizabal bertsolaria. Ea oholtza gainetik begiratuta Belodromoak zer inpresio egiten zuen galdetu eta «norbera ondo badago, handitasun horrek lagundu egiten du. Baxu samar harrapatzen bazaitu, jan ere egin dezake. Nik ez nuen 89an ezer galtzekorik. Batere presiorik gabe joan nintzen, sekulako ilusioa nuen eta oso oroitzapen onak ditut. Agertoki atzean eseri eta begiratzen hasten zarenean aurrez aurreko publikoa ezagutzen duzu. Urrutiago dagoen publikoa itsaso txiki bat bezala ikusten duzu. Buruak, keinuak eta eskuak ikusten dira. Aurpegiak ez dira bereizten, baina multzoa ikusten duzu. Txandaren zain zaudenean eta begiratzeko astia hartzen duzunean, jendea ezagutzen duzu», jarraitu zuen. 1989an sartu zen finalean eta ordurako nabaria zen publikoa gaztetzen ari zela. «Publikoa hasten da gaztetzen, baita parte hartzen duten bertsolarien adina ere. Jon Sarasuak 1986an 19 urte izango zituen, eta 89an, Euzkitzek, 23. Bertsolarien goiko adin muga ere jaisten hasten da. Pentsa, Azpillaga, Etxeberria, Xanpun eta abarren adina 50 urtetik dezente gora zihoan. 86an zaharrenak Lopategi eta Amuriza izan ziren eta 89an, Lopategi eta Lazkano. Lehenak 54 izango zituen eta bigarrenak 53. Azken urteotan Egaña izan da beti zaharrena. Gero eta gazteagoak iristen dira heldutasunera», jarraitu zuen Mikelek.
90eko hamarkadako bertsozaletasuna gaurkoarekin alderatzeko eskatu diogu Karlos Ibartzabali, Mungiako bertso eskolaren sortzaile eta Euskal Herriko Elkartearen bultzagilea. «Gaur txapelketan jende gehiago dabil, askoz ere gehiago. Gazteek orduan baino mugikortasun gehiago dutelako izan liteke hori edo komunikabideek txapelketari oihartzun izugarria ematen diotelako, baina herriz herri antolatzen diren saioetan urritu egin da jendea», esan du.
Laxaro Azkune gai-jartzaile izan zen 86an eta galdera bera egin genion. «Seguru datu zehatzagoak izango dituztela Elkartean, baina irudipena dut gorakada nabarmena izan zuela bertsozaletasunak 86koaren ondoren, eta areago 89koaren ondoren, eta 93koa bitarte gorakada izugarria izan zuela. Telebista programak etenaldi bat izan zuen ondoren eta beharbada horren eraginez, nire irudipena da 97 ondoren beheraldi bat izan zuela bertsozaletasunak. Baina 2005etik aurrera suspertu egin da berriro giroa eta aurten nik sekula baino indartsuagoa ikusten dut».
«86koaren ondotik gorakada izugarria izan zuen bertsozaletasunak 93kora arte. Beheraldi bat izan zuen gero, baina 2005ekoaren ondoren berriro suspertu egin da giroa eta orain inoiz baino indartsuago ikusten dut bertsozaletasuna»
«Finala Karmelo Baldan egitekoak ginen, baina kantxan aulkiak ezin zirela jarri eta hasi ginen beste leku bat bilatzen. Pello Aiesta arkitektoak esan zuen Belodromoa zela lekurik egokiena eta berehala konbentzitu gintuen»
«Inor ez da Belodromoan sartu ezinik geratuko». Horixe Bertsozale Elkartekoek zabaldu nahi izan duten mezua. Asteburua iristerako 4.600 sarrera salduta zeuden dagoeneko, baina ez dute uste inor kanpoan geratuko denik, guztira 6.000 lagun sartzeko modua egingo baitute.
Leihatilan sarrera dezente izango dira gaur bertan. Gainera, normalean baino ordubete lehenago irekiko dute salmenta puntua, 15.00etan hain juxtu. Horren bueltan ohar garrantzitsua eman dute antolatzaileek: Anoetako 23. atean izango dira leihatilak, Belodromoko sarreratik oso gertu. «Belodromoko bertako leihatila kaskarra da eta horregatik erabaki dugu Anoetako 23. ateko leihatiletan jartzea sarrerak». Eta bi leihatila izango dira, bata Belodromorako sarrerak saltzeko eta bestea BECeko finalerako sarrerak saltzeko. Izan ere, finalerako sarrerak lortzeko azken aukera izango da gaurkoa. Ez da, hala ere, aukera oso zabala. Azken asteotan sarrera salmentaren erritmoa izugarria izan da eta Belodromoan 300 sarrera baino ez dira izango salgai. Finaleko sarrerei dagokionez, pertsonako gehienez bi sarrera erosi ahal izango dira. Eta Belodromoko saioaren kasuan, pertsonako lau sarrera.
Esanguratsua da finalerako bi aste falta direnean 300 sarrera baino ez direla geratzen. Horregatik, garbi dago 2005. urteko 13.000 pertsonak gaindituko dituela aurtengo finalak eta entzuleak 14.000tik gora izango dira, nahiz eta oraindik datu zehatzik ez duten eman. Eta finala telebistaz zuzenean ikusteko aukera ere izango da egun osoan. Datozen egunetan zehaztuko dituzte horiek denak.