GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Dorronsoro musikari ospetsu izatetik entrenatzaile ezagun izatera igaro da

Dantzaldiak eta futbola, ez dira elkarrekin uztartzeko errazak, baina batzuek lortzen dute, eta kasu horietako bat da Iker Dorronsororena. Triki Ta Ke taldeko trikitilaria eta kantaria da, eta aldi berean futbol entrenatzailea ere bai. Egun, Ondarroan ari da lanean, Aurrera taldearekin.

p048_f01.jpg

Jon LEUNDA

Zaila izan arren, ederki uztartzen ditu Iker Dorronsorok musika eta futbola. Bera Triki Ta Ke musika taldeko partaidea da, taldean hasieratik dagoen kide bakarra. Bertan trikitixa jo eta abestu ere egiten du. Diskoak ere badituzte kalean. Musikari gisa aski ezaguna da, baina futbol munduan ere ari da bidea zabaltzen, eta aditu askok diote etorkizun handia duela horretan, nahiz eta berak lanean jarraitu nahi duen horretan gehiegi pentsatu gabe.

«Oraingoz musika dut ofizio eta futbola afizio, hori bai ordu asko eskatzen dituen afizioa da, baina asko gustatzen zaidanez, ez dago arazorik», esan du igeldoarrak. Bai musika bai futbola ongi uztartzen dituela dio: «Azkenean Triki Ta Kek lanik gehien udan izaten du, eta tarte horretan futbola ia amaituta edo hasteko dago. Abuztu partean futbol entrenamenduak hasten direnean ere ez da arazorik, normalean dantzaldiak gauez izaten baitira», gaineratu du.

Aurretik, Orioko, Mutriku eta Usurbil taldeetan aritu da. Iaz futbol entrenatzaileen titulu nagusia ateratzeko talderik gabe egon zen, nahiz eta denboraldia amaitzear zegoela deitu zioten Ondarroatik, Aurrera ia maila galduta baitzegoen. Mailari eustea lortuta, bertan jarraitzen du, eta aurten Gipuzkoako mailarik gorenean lehen postuan daude.

Ondarroa ez da plaza erraza, Bigarren B Mailarako igoera fasea ere jokatua baita. Azken urteetan ordea, Gipuzkoako Gorengoen Mailan zebilen, eta herrian ere ilusioa apur bat galduta zegoen. Orain, hori berreskuratu da, eta horrekin ere oso gustura dago Iker. «Oso polita da. Herriko giroa piztu da berriro, eta poztekoa da, eta baita jokalarien aldetik ere, beraiek ere ez baitute ongi pasa. Taldean ia denak dira Ondarroakoak, eta denen artean lan ona ari gara egiten», dio Ikerrek.

Dorronsoro nolako entrenatzailea den, berak argitu du: «Nire buruari asko eskatzen diot, eta hori taldera pasatzen da. Gero entrenatzaile batek ikusi behar du taldean zer nolako jokalariak dituen, eta saiatu behar du horiei duten guztia ateratzen. Baloia ukituz jokatzea ere gustatzen zait», dio.

Lehen maila

Igeldoarrak badu Lehen Mailako talde bat entrenatzea ere, horretarako titulua bai baitu, baina ez du horretan pentsatu nahi. Egunen batean afizioa ofizio bihurtu daiteke, eta agian orduan musika izan beharko du afizio, baina horretan ere ez du denborarik galdu nahi: «Futboletik bizitzea oso zaila da, eta zailagoa du entrenatzaile batek. Nik pausoka joan nahi dut, eta hurrengo helburua Hirugarren Mailan entrenatzea izango zen, eta ahal bada Aurrera taldearekin, gainera», esan du.

Ofizioa eta afizioa, musika eta futbola, dantzaldiak eta kirola, baina biak ditu gustuko, eta bietan ari da oso pozik. Baina lantegi hauek ez dira batzuetan errazak, nahiz eta oso ezberdinak izan. Berak ere bietan ikusten ditu zailtasunak, baina gustuko lekuan ez omen da aldaparik. «Biek dituzte zailtasunak. Futbol talde bateko entrenatzailea izatea ez da erraza, azkenean emaitzek agintzen dute. Gero, talde bakoitzak 20 lagunetik gora izaten ditu, eta badakizu denekin ongi eramatea ez dela erraza izango, baina saiatzen zara taldeko bat gehiago izaten, jokalariekin hitz egiten, euren arazoak ulertzen, nik uste dut gauza polita dela. Dantzaldietan ere ez da erraza. Jendea dantzan jarri behar duzu, eta batzuetan ez da erraza izaten hori lortzea. Norberak ere ez du beti aldarte bera izaten, baina hori polita da. Oso gaztetatik nabil erromerietan, eta lantegi hori ere ederra da», esan du Iker Dorronsorok. Orain arte, ordea, musikari gisa ezagutzen zuen jendeak, baina orain apurka-apurka futbol entrenatzaile bezala ere ezagutzen dute, eta horretan aurtengo emaitzek zerikusi handia dute. Aurrera lehenengo dago, ongi jokatzen, eta itxura bikaina ematen, eta komunikabideen arreta ere piztu du. «Elkarrizketa dezente ematen ari naiz, eta egunkarietan ere dezente agertu naiz. Lehen jende askok ez zekien futbol munduan nenbilenik, eta orain kalean geldiarazten naute enteratu direla esateko», onartu du. Oraingoz musika ofizio eta futbola afizio izaten jarraituko du, baina agian hori aldatu beharra egokituko zaio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo