GARA > Idatzia > Kultura

Ahozko ondarea biltzen du «Eleketa»k, hitzak eta imajinak altxor bilakatuz

Amikuztarren hitzak entzunarazi nahi dituen erakusketa da «Eleketa: Amikuztarrak mintzo». EKEren eskutik euskal ondarea gorde nahian garatu den egitasmoaren emaitza da Donapaleuko mediatekan ikusgai den ikus-entzunezko materiala.

p058_f02_140x96.jpg

Eleketa: Amikuztarrak mintzo» erakusketa soila baino gehiago da. Horren ondorioz zuzeneko harremanetarako eta trukerako gune bilakatu baita Donapaleuko mediateka. Izan ere, proiektuan modu batean edo bestean parte hartu duten ehun bat lagun bildu dira Euskal Kultur Erakundeak (EKE) gauzatutako proiektua deskubritzera beren familia eta ezagunekin batera.

Nafarroako erakundeek ideia emanik eta Kontseilu Orokorrak eta Akitaniako Eskualdeko Kontseiluak diruz lagunduta, ahozko memoriaren bilketa handi bati ekitea pentsatu du EKEk; Nafarroa Behereko Amikuzeko eskualdetik abiatu da bilketa lan hori.

Zentzu honetan, EKEk 2007an Amikuzen abiatutako lekukotasun bilketaren erakusketa da «Eleketa: Amikuztarrak mintzo». 30 lekukotasun bildu ditu Terexa Lekunberri etnologoak. Manex Gogoan elkarteak egin lanari esker eta Aldudarrak bideo elkarteak ezarri dituen baliabide tekniko eta pertsonalei esker gauzatu ahal izan da erakusketa emaitza izan duen proiektua.

Erakusketan garai bateko argazkiak agertzen dira Donapaleuko mediatekaren paretak apaintzen eta lau oreneko bideoa ikusteko aukera ematen du. Eskuragarri dauden bideoak osoki behatzeko denbora eskas dutenentzat txoko digitalak ezarri dituzte. Gisa horretan, interesa gehien piztu dion ahozko lekukotasun laburra entzuteko aukera du ikusleak.

Izan ere, beren oroimenen eta istorioen arrastoa utzi duten hogeita hamar pertsonen lekukotasunak sei gaitan sailkatuak izan dira eta gai bakoitzak hamabi zati ditu. Orotara, beraz, hirurogeita hamabi bideo zati daude gaika sailkatuak. Hatz puntarekin, nahi den zatia entzuteko eta behatzeko parada emana da.

Proiektua Amikuzeko eskualdean abiatu bada ere, Ipar Euskal Herriko beste eskualdeetara hedatzeko asmoa dute. Beste lan talde batzuk muntatu dira Zuberoan, Garazin, Baigorrin eta Lapurdin gisa bereko lana egiteko. Haatik, Oztibarre-Iholdiko eskualdean hasi berria den lana deskubritzeko parada izango da hemendik hilabete batzuetara.

Proiektua lekukotasunen bilketa baino gehiago dela adierazi du EKEko zuzendari Pantxoa Etxegoinek. «Ahozko ondarea biltzea baino baloratzea eta hedatzea ere pentsatu dugu», azaldu du.

«Balorazioa eskoletan landuko da eta hedapena ez da erakusketetara mugatuko. Interneten, EKEren webgunean, ezarriko dugu aste batzuen buruan eta 2010ean Baionan irekiko den artxibo gunean emana izanen da. Ahantzi gabe ere, herri bakoitzak bere eskualdean egina izan den lanaren bideoa eskainia izanen zaiola», zehaztu du.

Euskarazko lekukotasunak hezitzaileak direla dio Pantxoa Etxegoinek. «Zuen jakitatearen arrastoa gaur egungo eta biharko belaunaldientzat baliagarria izanen da. Badakit ez dela erraza kameraren aitzinean mintzatzea, baina gure bihotza zarete», esan zien adierazpena egiteaz gain altxorra bere baitan duten adineko pertsonei.

Eskualdea hobeki ezagutzeko parada eskertu zuen, bestalde, Eric Narbais Amikuzeko Herri Elkargoko presidenteak. «Gure eskualdearen garapenean jardun duten pertsonen istorioak edota lekukotasunak biltzen ditu proiektuak. Esperientzia truke hauek aberasgarriak direlako plazer bat da Herri Elkargoaren izenean erakusketa mediatekan hartzea», adierazi du.

Barthelemy Aguerrek Kontseilu Orokorraren izenean proiektua plazer handiz sostengatzen duela adierazi zuen. «Proiektu biziki interesgarria da eta alde batetik pena da lehenago egin ez izana. Orain motorea abiatu dela, espero dut ez dela bukatu. Elikatu behar den lana da eta horretarako Kontseilu Orokorra laguntzeko prest da».

«Geroa prestatu behar bada, gure iraganaz mintzatu behar da. Iraganetik dugu gure geroa hobeki prestatuko. Zuen elekek sentimenduak pizten dizkigute. Euskara, gure mintzaira erro azkar bat bezala agertzen da eta plazer egiten du entzuteak» esan zuen Frantxoa Maitiak Akitaniako Eskualdeko kontseiluaren izenean eta Nafarroa Behereko biztanle gisa.

Gaxuxa ARRANBIDE

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo