Julen MURGOITIO
Ostiak arditik erdira
Amen. Udazkenarekin batera mudantza-garaia ere da Euskal Herrira heldua. Ez, ez nago ezker abertzalearen azkeneneko mugimenduez, han-hemengo bazter guztiak, eta erdiak batez ere, astindu dituzten mugimenduez. Ez. Mugimendu horiek gertatu izanak boterearen hainbat esferatan seguruenik sorturiko ezinegonaren ondorio diren mugimenduez nago orain. Hemen kristo guztia omen dago posizioa hartzen E egunaren biharamuneko balizko pole-position horretan. Omen. Amen ere bai. Baina ez, ez nago beheko Estatu monarkikoaren kloaka ofizialetan diren mugimenduez; horiek, mugimendu izatekotan ere, 360 gradukoak baitira. Ez. Elizaren barruan ematen dauden mugimenduez nago. Eliza katolikoa, jakina! Zein bestela? Amen. Gipuzkoako diozesitik hasi berri dira mugimenduok. Diozesia? Jainkoarren, hau hitz arraroa gero! Idatzi bai, baina ezin dut hori ahoskatu mingaina trabatu gabe; seguruenik, horrexegatik botako ninduten katekesitik orduko garai haietan. Indarrezko kanporaketa hari esker bihurtu nintzen probetxuzko gizona. Bai, bada, artzain berria izendatu dute hango artaldean buru, ardi beltza bertako jainkozale askoren aburuz. Eta gogor sartu da saroira, ilemozkailua eskuan. Bitartean, beheko estatuan den bere jagole nagusiak abortuaren aurkako gurutzada-kanpainan jarraitzen du jo eta ke, abortuaren alde egiten duenari jaunartzea ukatzera heldu arte jo eta ke jarraitu ere. Eta nik azken parte hau behintzat ondo ikusten dut, jaunartzeko ostien kontsumoa gutxitzea katolizismoa iraunkortasunaren bidean ipintzeko hartu beharreko neurri eraginkorren artean Eliza katolikoak epe motzean hartu ditzakeenetariko bat izan daitekeelakoan. Amen. Ostien kontsumo arduratsua edo. Ez da gutxi, ostia! Dena dela, izan baditut zalantzak; eta dudak ere bai. Bertsolari Txapelketaren zurrunbiloak harrapatuta nagoela, hamaika galdera datozkit buru aldera, eta erantzunak, ostera, bost besterik ez. Artzaintza ardiak zaintzen dabiltzanen lanbidea bada, Ertzaintza erdiak zaintzen dabiltzanen lanbidea ote? Baina hori horrela balitz, zertara dator bazterrak kolperik kolpe astintzea erdiak zaindu nahi badituzte? Ez, ez daukat argi. Gainera, kontsumo arduratsu horren bidetik Elizako artzainek banatu barik utziko dituzten ostiak ez ote dituzte beheko Estatuaren komenientziazko banderapean diharduten hemengo ertzainek birziklatuta banatuko, bazterretan zein erdietan banatu ere? Buelta gehiago eman behar diot gaiari buruan...