GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Imanol Azpiroz Usurbilgo zinegotzia eta San Markos Mankomunitateko lehendakariordea

Nahikoa da «cariño» apur bat

 

Nahikoa baita cariño apur bat, apur bat bakarrik, erraustegirik behar ez izateko. Eta guztion apur bat nahikoa dela jabetzeko Usurbilgo adibidera gerturatu besterik ez dugu. Martxoan abian jarri zenez gero, eta zortzi hilabeteko epean, %28 birziklatzetik, hondakinekin zegoen arazoari irtenbidea emanez, %82 birziklatzera heldu gara, gure osasuna eta ingurumena arriskuan jartzeko beharrik ez dagoela garbi erakutsiz.

Eta orduan, zertarako egin erraustegi bat, beharrezkoa ez bada?

Zaborraren magia amaitu da. 30 urte daramatzagu edukiontzien sistemarekin, eta orain artean, edukiontzian gure hondakinak utzita arazorik ez zegoela pentsatzen genuen. Ikusten ez dena benetan ez dela sinetsita geunden, baina edukiontzien magia ilun honek orain gauden egoerara ekarri gaitu: zabortegiak gainezka, kutsadura eta kiratsa, osasun arazoak...

Arazoaz jakitun, hondakinen kudeaketaren arazoari irtenbide bat bilatu nahi izan zion Udalak eta hainbat adibide bilatu zituen inguruko herrialdeetan. Baina benetan argi zuen, Udala herritarren arazoak kudeatu eta haiei konponbidea emateko egon arren, herritarrak ere subjektu aktibo izan behar zuela arazoaren konponbidean.

Eta eguneroko keinuekin, cariño apur batekin nahikoa zela konturatu ginen.

Alternatiba bat eskura. Atez ateko bilketa selektiboarekin, hondakinekin baliatzen zen orain arteko sistemaren alternatiba dugu, eta funtzionatzen du, funtzionatzen duenez. Usurbilek ez ezik, Italiako eta Herrialde Katalanetako hainbat herri dira horren froga, Danimarkako Aarhus edota Irlandako Tralee hiriak bezala.

Usurbilen adibideari jarraiki, Hernanik eta Oiartzunek ere, udaberrian, atez ate hondakinak jasotzeko bilketa abian jarriko dute.

Bilketaren datuek arrazoia ematen digute (zaborrik sortu gabe, hondakinen %82 birziklatzera heltzen gara) baina herritarrek ere bai (berriki egindako inkestetan herritarren %70k sistema honekin gustura daudela esaten baitigute).

Eta sistema bat aurkitu badugu, zertarako ezarri behar da erraustegi bat?

Arazoei irtenbidea. Birziklatzen duenari aukera bat eskaintzea, Europak hondakin organikoentzat ezarritako legedia betetzea, osasunaren aldeko hautua, horixe besterik ez da atez ateko zerbitzua eskainita egin duguna.

Ohitura aldaketa oro bezala, herritarraren sentsibilizazioa ezinbestekoa da. Prozesu honetan guztian ez dugu herritarra ahaztu, bidelagun izan dugu, nola sistema ezarri aurreko parte hartze prozesuan, hala oraindik orain, bilketa sistema ezarri eta zortzi hilabetera, bulegoan jasotzen ditugun ohar eta inkestetako datuen bidez.

Ohitura aldaketak, ordea, ez dira arazorik gabekoak, eta atez ateko bilketaren aurka daudenek ezagutzen dituzte prozesua aurrera eramateko izan ditugun oztopo eta zailtasunak. Jakin badakite herritarren sentsibilizazioa behar dela, jarraipena, eta lagundu beharrean, ohitura aldaketa orok dituen zailtasunez baliatzen dira prozesu hau oztopatzeko. Herria zikina dagoelako zurrumurru faltsuak hedatzen dituzte, eurek kaleko edozein bazterretan hondakinak uzteko deia egiten dutenean...

Baina zer nahi digute esan, nahiago zutela lehen bezala iraun?

Osasuna lehen eskubidea. Eusko Abertzale Ekintzako udal hautetsi naizen aldetik, gizartearen eraldaketarako egiten dugun lanaren baitan kokatzen dugu hondakinen kudeaketa arduratsu eta eredugarria. Osasuna lehen eskubidea dela irizten dugu; izan ere, osasunik gabe ez gara.

Herritarrei mespretxua. Ez nuke gutun hau amaitu nahi 35.000 sinadurari hiru herrialde autonomikoetako Legebiltzarrean egindako mespretxua salatu gabe. Herritar horiek Zubietan ezartzekoak diren erraustegiaz galdeketa egiteko eskatu zuten. Erabakitzeko eskubidea izatea, alegia. Legebiltzarrak ez zien herritar horien eskabideari hamar minutuko tarterik ere eskaini. Halako mesprezuaren aurrean, eta guk Usurbilen hondakinen kudeaketa ebazteko egingo dugun gisa berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari Zubietan ezartzekoa den erraustegiaz erreferendumean herritarrei galdetzeko eskatzen diegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo