Presoen eskubideen aldeko aldarria indartzeko konpromisoa hartu dute
Etxeratek Donostiako Miramar jauregian egin dituen jardunaldiek euskal presoek bizi duten egoeraren azterketa egin, aldarrikapenak zehaztu eta konpromisoak hartzeko balio izan dute. Hainbat eragile eta herri mugimenduk adostutako adierazpenean jaso dira guztiak eta euskal presoen eskubideen errespetuaren aldeko aldarriari «indar berritua» emateko konpromisoa jaso dute bertan.
Maider EIZMENDI |
Etxeratek antolatutako euskal preso politikoen eskubideen aldeko jardunaldiak atzo amaitu ziren eta erremate gisa parte hartu duten eragileek adostutako dokumentua aurkeztu zuten agerraldi publikoan.
«Dokumentu irekia da, alegia, hemendik aurrera begirako lan tresna bat izango da, ez da inolaz ere planteamendu itxi bat», nabarmendu zuten testuaren nondik norakoak azaltzen hasi aurretik. «Gure asmoa da -jarraitu zuten- adierazpen hori bera konpartitzea, gurekin harremanetan egon ez direnekin eta ahalik eta sektore zabalenarekin».
Adierazpenean konpromiso sendoa jasotzen da preso politikoen eskubideak errespetatuak izan daitezen «indar berritua» emateko eta, halaber, eskubide urraketa bakoitza irmoki salatuko dela hitzematen da. Bide horretan, hain zuzen ere, presoen aldeko mobilizazioak sostengatzea oinarrizko jo dute, bereziki, hilabeteko azken ostiralean egiten direnak. Mobilizazio iraunkor eta erreferentziazkoa dena modu berezian babestu eta mobilizazio zabal ireki eta jendetsua izan dadin sustatuko dutela adierazi dute.
Azkenaldian presoekiko elkartasun keinuak kriminalizatzeko abian jarritako neurriei aurre egiteko konpromisoa ere jaso dute adostutako testuan, eta mobilizazioen debekuei erantzuna ematea eta euskal presoen argazkiak euren egoera salatu eta euren eskubideak errespetatzeko erakustea proposatu dituzte, besteak beste. Presoen eskubideen alde ari diren antolakunde eta elkarteen kriminalizazioari erantzuteko konpromisoa ere hartu zuten eta bereziki aipatu dute «presoen senideei babesa eman eta beren kontrako jazarpena amai dadin laguntzea».
Konpromisoen arloa mamitsua izanik ere, adierazpenean tarte zabala eskaintzen zaio egoeraren diagnosiari zein oinarrizko jotzen dituzten aldarrikapenei. Azken tarte honetan, Gobernu espainolak eta frantsesak espetxe politika errotik aldatzea eta sakabanaketari amaiera ematea eskatzen da, «euskal preso politikoen oinarrizko eskubideak eta beren izaera politikoa errespetatuz».
Biziarteko zigorra indargabetzea ere aldarrikatu dute, 40 urte arteko zigorrak, Auzitegi Gorenaren doktrinaren aplikazioa eta baldintzapeko askatasuna eragozteko neurriak bertan behera utzita. Maila berean, espetxe arindua aplikatu dieten presoei ezarritako baldintza indargabetzeko premia jaso da adierazpenean, modu horretan duintasunez bizi eta osasun tratamendu egokia jaso dezaten.
Adierazpenarekin batera, jardunaldietan parte hartu duten eragile sozial eta herri mugimendukoek lau ebazpen berezi adostu dituzte. Lehena, Jose Mari Sagardui, Gatza, euskal presoaren kaleratzea eta honekin batera espetxealdi luzeak daramatzaten beste hainbatena eskatzeko; bigarrena, presoen argazkien kontrako erasoak salatu eta horiek erakuts daitezen dei egiteko; hirugarrena, espetxealdi ondoreneko jazarpena salatzeko; eta laugarrena, presoen senideen kontrako jazarpena salatzeko.
Agerraldiaren amaieran berretsi egin zuten mobilizaziorako premia eta gogora ekarri zuten datorren urtarrilaren 2an Etxeratek deituta eta «Euskal presoak Euskal Herrira dagozkien eskubideen jabe» leloarekin Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia.
Aurkezpen ekitaldian hainbat eragile sozial, sindikal eta norbanakok parte hartu zuten. Besteren artean, LAB, EHNEk, ESAIT, Behatokia, TAT, EHE, Bilgune Feminista eta Jaiki-Hadi. Norbanako gisa aldiz, Martin Garitano kazetaria, Txerra Bolinaga musikaria, Martxelo Otamendi «Berria»ko zuzendaria ere izan ziren.
La gestión y transporte de los residuos radioactivos es un gran problema ias en caso de accidente sin previo aviso, a través de los mecanismos de control más habitualesmos de control más.