GARA > Idatzia > Kultura

Pantxoa eta Peiok 40 urteko ibilbideko kantu nagusiak disko batean bildu dituzte

1969an hasi ziren kantuan Pantxoa eta Peio bikotea. Euskal herritarren oroimenean bizirik jarraitzen duten kantuak abesten aritu dira 40 urtean, eta horietan garrantzitsuenak «Beste bat» diskoan bildu dituzte.

p059_f02_142x92.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Beste bat» izenarekin kaleratu dute Pantxoa eta Peiok azken diskoa. Agorila argitaletxearekin argitaratua, bi kantariek joan den irailaren 11n Tolosan eskainitako kontzertuan zuzenean grabaturiko abestiak biltzen ditu lanak.

«Gure berrogei urteko ibilbidea ospatzeko egin genuen kontzertu hori», argitu zuen Peio Ospitalek. 40. urteurreneko ospakizuna disko batean bildu nahi izan dute bi kantariek, eta, horretarako, «Beste bat» diskoan bikotearen ibilbideko kantu esanguratsuenak bildu dituzte.

1969an hasi ziren kantuan, eta diskoa zabaltzeko garai horretan kaleratutako lehen diskoan agertzen zen Manex Pagolaren «Eñaut Bidegorri» kanta aukeratu dute. «Diskoaren bidez gure ibilbidea markatzeaz gain, gure kantagileak omendu nahi izan ditugu, eta, baita, hainbat urtez herria eta bizia biziarazteko aukera eman digutenei», gaineratu zuen Ospitalek.

Omenaldia kantu egileei

Manex Pagolaz gain Telesforo Monzon, Jean Louis Davant, Roger Iriart eta Manex Erdozaintzi-Etxart dira Pantxoa eta Peioren errepertorioa urtez urte hornitzen aritu direnak.

Horrela, «Askatasuna», «Kanta Aberria», «Itziarren semea», «Lepoan hartu», «Bai euskarari» eta «Batasuna» gaur egun ospetsu bilakatuak diren kantuak aukeratu dituzte «Beste bat» diskoa osatzeko.

«Barnean dago bikotearen konposizio bakanetariko bat ere, «Irria»; bai eta Lluis Llach kataluniar kantariaren «Greziako itsasontzia» ere (Xabier Letek euskaratua); eta, azkenik, herri kanta zahar bat, «Iduzki denean», sorpresa batekin», gaineratu du Peio Ospitalek.

«Beste bat» izenburua aukeratzeari dagokionez, publikoak kontzertu bukaeretan oihukatu ohi duen leloa jarri nahi izan ziotela adierazi zuen Ospitalek.

«Bat gehiago da aitzineko hamalauen ondotik. Edo, `Beste bat' leloak beste disko bat argitaratzeko gomita egin dezake ere», nabarmendu zuen.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo