GARA > Idatzia > Euskal Herria

Presoak bisitarik gabe eta senideak jazartuta berriz ere espetxeetan

Azken asteetan bezala, atzo ere kartzeletara bisitan joandako senideek arazoak izan zituzten. Etxerateko ordezkariek salatu zutenez, Badajozeko espetxean diren 3 preso aurrez aurrekorik gabe geratu ziren.

Antza denez, bisitara joandako bi presoren senideek ez zuten arazorik izan aurrez aurrekora sartzeko, baina hirugarren bati miatu egin behar zutela esan zioten. Senidea ukatu egin zen horretara eta debekatu egin zioten horregatik bere senidea bisitatzea.

Elkartasuna

Gertatutakoaren berri izan zutenean jada barruan zeuden bi senidek ere uko egin zioten aurrez aurrekoari, protesta egiteko eta aurrez aurrekoa galarazi zioten senideari elkartasuna adierazteko.

Bestalde, GARAk jakin ahal izan zuenez, Avilako espetxean ere arazoak izan ziren. Bertan dagoen euskal preso baten senideari aurrez aurreko bisitara sartzeko miatu egin behar zutela esan zioten. Hau ere ukatu egin zen eta honi ere aurrez aurrekoa debekatu zioten, gero bisitara sartzeko aukera izan zuen arren.

Presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatzeko Hondarribian asteroko mobilizazioa egin zuten. Atzokoan 29 lagunek hartu zuten parte bertan.

Beste alde batetik, herenegun, Zarautzen, 22 urte espetxean daramatzan Jose Mari Perez, Txuri, euskal preso politikoaren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo