GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Almeriari bisita

Ametsetatik errealitatera

Azken asteotako bolada onari eusten saiatuko da Athletic «bere» Ligako aurkari baten aurka. Almerian lehen aldiz garaipena lortuz gero, zuri-gorriek sailkapenean duten egoera ona indartuko dute, baita gutxika gorpuzten ari den etorkizuna ere.

p044_f01_65001.jpg

Amaia U. LASAGABASTER

Athletic errealitatera itzuliko da Almerian, «dream team»aren aurka bizitako gau polita behin betiko alde batera utziz. Errealitatea, «bere» Ligako arerio baten aurka arituko delako, baina baita azkenaldi honetan gorpuzten ari den etorkizunak errealitate bihurtzen jarrai dezakeelako.

Ligan lortu duen bolada sendoaren ondorioz, talde zuri-gorriak azken urteotako denboraldi hasiera onena gauzatu du, Ernesto Valverdek orain dela sei urte lortutakoa berdinduz. Orduan Europarako sailkapena eskuratu zuen Athleticek denboraldi amaieran -Ligaren bidez lortu duen azken aldia- eta aurten bide berberari heltzea badu. Helburu bereziki erakargarria, Kopatik kanpo geratu dela kontuan hartuta, nazioarteko txapelketen bide motzena bertan behera utziz.

Baina amets hori errealitate bilaka badaitekeen jakiteko, ez da nahikoa puntako taldeen aurka kasta erakustea punturen bat -kasu onenean- biltzeko. Benetako lehiaketa antzeko egoeran mugitzen diren taldeen aurkako partidetan datza eta horietan maiz huts egin izan du talde bilbotarrak. Gaurko aurkaria, adibidez, eredu egokiena izan liteke, inoiz ez baitu Athleticek Almerian irabazi.

Lehen aldiz lortzeko, errezeta behintzat badute zuri-gorriek, nahiko sinplea badirudi ere: azken partidetan erakutsitako jarrerari eustea. Edo, asteroko topikoekin jarraitzeko, ondo defendatzea, akatsik ez izan eta aukerak aprobetxatu.

Ezinbestekoa, Joaquin Caparrosen ustean, Almeria «gero eta indartsuago baitago bere zelaian. Hugo Sanchezen ideia hartu du, oso goian presionatzen du eta arreta maila oso altua izan behar dugu, bestela garesti ordain genezake eta. Aurkari gogorra da eta partida on bat egin beharko dugu, beraz».

Aldaketak

Azken partidetako boladari eutsi nahi izan arren, aldaketak egingo ditu entrenatzaileak. Deialdira Etxeita, David Lopez eta, ia bi hilabeteren buruan, Muniain itzuli dira, San Jose, Gabilondo eta Toqueroren ordez. Hasierako hamaikakoarekin zer gertatuko den jakiteko, azken unera arte itxaron beharko da.

Argi dirudi, hala ere, Caparrosek zelai-erdia «arindu»ko duela, Javi Martinez eta Gurpegi taldean mantendu baina Orbaiz, oraingoan, aulkian utzita. Zalantza nagusia aurreko lerroei dagokie, Susaeta, Fran Yeste, De Marcos eta Muniainen artean hiru postu besterik ez baitituzte bete beharko.

 
ALMERIA - ATHLETIC
MUNIAIN

Azken aldiz Valladoliden aurka jokatu ondoren -orain dela bi hilabete-, Iker Muniain deialdira itzuli da. Baliteke, hala ere, Caparrosek aulkian uztea, lesio batetik osatu berri dela kontuan hartuta.

EZIN IRABAZI

Hau da Almeria Lehen Mailan jokatzen ari den hirugarren denboraldia eta Athleticek ez du oraindik garaitu: lau partidatan bi berdinketa eta bi porrot lortu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo