GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA Manifestazioa Bilbon

Eztarria urratzeko beldurrik gabe, argi hitz egin du gazteriak

Pankartarik gabe, soilik Zestoako gazte topaketen ikurra den «G» hizkia erakusten zuen pegatina bularrean, ehunka gazte martxaren buruan jarri ziren, diren moduan azaltzeko, xume baina irmo. Atzetik, milaka eta milaka lagun.

p004_f01_148x105.jpg

Nerea GOTI

Aita Donostia plazara heldu ziren lehenengoek ohiko bilakatu den irudia aurkitu zuten: Ertzaintzaren furgonetak eta bidegurutzeetan aurpegia estalita zuten lauzpabost poliziatako taldeak, istiluen kontrako materiala eskuetan. Arratsaldeko laurak ziren eta ordurako nafarren eta gipuzkoarren autobusak heltzen hasiak ziren, adin guztietako lagunekin, eta tartean ehunka gazte, taldeka, A-8 autobideak Sabino Aranatik Bilbora duen sarbideko zubiaren azpian itxaroteko lekua hartu zutenak.

Leku horretan bertan alderdi politikoetako ordezkariak bildu ziren. Rufi Etxebarria, Julen Aginako, Tasio Erkizia eta Periko Solabarria bildu ziren, ezker abertzaleko aurpegi ezagunenen artean; Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuekin batera. Jesus Mari Larrazabal EAko parlamentaria eta Aralarreko Oxel Erostarbe ere martxaren hasieraren zain izan ziren bertan, beren alderdietako beste hainbat kiderekin batera.

Arratsaldeko bostak eta laurden aldera Bobo Otsagiko tradizio zaharreko pertsonaiak makila altxatu eta lurrean jo ondoren, ehunka gaztek Autonomia kalearen zabalera bete zuten martxa abiaraziz. Pankartarik gabe, eta bularrean Zestoako topaketetako «G» hizkia zuen pegatina zeramaten; orduan ozen «atxilotuak askatu!» oihukatzen hasi ziren jendez gainezka zegoen ibilbidean. Izugarrizko indarrarekin abiatu zen manifestazioa, gazteen leloei jarraituz. «Jarrai, Haika eta Segi aurrera», «segi borroka, segi antolakuntza» eta «euskal gazteria aurrera» hainbatetan errepikatu ziren ibilbide osoan zehar.

Gazteen atzean, asteartean Marlaskak agindutako sarekadan atxilotutako 34 gazteen senitartekoen pankarta zihoan; «Proiektu guztiak, eskubide guztiak» zioena. Mezu ozenen artean, «gazteak gara ez terroristak», «borroka da bide bakarra», eta presoen aldeko leloek oihartzun handia izan zuten espaloietan manifestazioaren buruari txalo artean harrera ematen ziotenen artean. Txalapartaren doinuek eman zioten ongietorria manifestazioaren buruari La Casilla parean. Aurrerago, lagun talde batek presoak Euskal Herriratzearen aldeko ikurrak erakutsi zituen, ikurrina eta Asturiasko banderarekin batera.

«Jon non dago?» eta «hau al da zuen bakea?» galderak oihu sendoen bidez bota zituzten airera milaka lagunek. Eta eztarria urratzeko beldurrik gabe, ibilbide osoan ez ziren isildu. Argi adierazi nahi zuten inork ez dituela beren bidetik aterako, ezta ehunka polizia bidalita ere. Adarraren hotsak egin zien harrera udaletxean, eta hitzaldien ostean, eusko gudariak abestuz bukatu zen manifestazioa.

Bilbokoa ez zen izan atzoko mobilizazio bakarra. Irlandan ere, Irish Basque Solidarity Committees-ek antolatuta, elkarretaratzeak egin zituzten Belfasten eta Dublinen ehun bat lagunek; Sinn Feineko alkateorde eta parlamentaria izan ziren bertan, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo