Leitzako istiluaz «zuhurtzia» eskatu du orain Sanzek eta mutu segitzen du Rubalcabak
Leitzakoa ETAren ekintzatzat jo zuen UPNren Gobernuak, dudarik gabe, baina orain «zuhurtzia» eskatu du Sanzek. Jazotakoa aldaketa politikoari dioten beldurraren erakusle dela ondorioztatu du ezker abertzaleak.
GARA | IRUÑEA
Leitzan igandean izandako istiluetatik bost egun pasatu dira jadanik eta Barne Ministerioak inolako azalpenik eman gabe jarraitzen du. Antza denez, auzia sub iudice dagoela erabiliko dute orain aitzakia gisa, epaileak liskarra eragin zuen agentea inputatu ondoren.
Gertatutakoa ETAren atentatutzat jotzen zuten bertsio ofizialen ardura saihestu nahi du, aldi berean, Nafarroako Gobernuak. Miguel Sanzek atzo argudiatu zuenez, «zuhurtziaz» landu behar du gaia. Deigarria izan zen adierazpen hau; izan ere, igande goizean bere Gobernuko Barne sailburu Javier Caballero izan zen ETAri errua leporatzeko hitz borobilena erabili zituena. Duda izpirik gabe, atentatua zela esan zuen Caballerok. Halakorik izan dela guztiz gezurtatu den arren, sailburuak ez du bere akatsa onartu.
Sanzen esanetan, litekeena da istilua eragin zuen guardia zibila «presio psikologikoaren pean izatea, lankide bat hil zuen atentatu baten lekuko zuzena izan zelako», eta ondorioz ez litzaioke errurik bota behar. Hala ere, Nafarroako presidenteak ez du zehaztu zergatik aurkeztu zuten gertatutakoa ETAko atentatu saiakera balitz bezala, guardia zibil horren egoera jakina bazen ere eta auzokide ugarik inolako erasorik ez zela izan argi ikusi bazuten ere.
Ezker abertzalearen ustez, «lotsagarria» da gertatu den «manipulazioa, toxikazioa eta ordezkari politiko eta hedabideen objektibitate eza. Hainbat sektorek gatazka konpontzeko duten borondate ezaren beste adierazle bat da».
«Leitzako herriari eta alkateari ezarritako presioa onartezina eta asmo txarrez egindakoa da. Helburu argia du: ezker abertzalearen proposamen politikoa faltsutzea eta aldaketa politikoari oztopoa jartzea». «Okupazio indarrak» Euskal Herritik ateratzeko eskatu, eta hilaren 12rako iragarritako manifestazio deiarekin bat egin du.
Barne Ministerioak ez du ezer argitu, eta auzia epaileen eskuetan dagoela argudia lezake orain, zauritutako agentea auzipetu egin baitute. Sanz, bere aldetik, egindakoa justifikatzen ahalegindu da.