GARA > Idatzia > Ekonomia

Funveran greba hasi dute 55 kaleratzeen aurka

Funverako langileek beste ekimen bat abiatu dute beren lanpostuen alde, kasu honetan, enpresak 55 lagun kaleratu nahi dituelako. Asmo horri aurre egiteko, greba mugagabea hasi zuten atzo, eta mobilizazioak antolatu dituzte. Bizi duten egoeraz «nazkatuta» daudela azaldu dute.

GARA |

Funvera enpresako langileek greba mugagabea abiatu zuten atzo zuzendaritzak duen egitasmoari aurre egiteko. Izan ere, 55 langile kaleratu nahi ditu eta datorren abenduaren 31tik aurrera gainerako 87 langileei 117 egunetako enplegu-etenaldia ezarri nahi die, Berako enpresa honek jasan beharko lukeen hirugarren enplegua erregulatzeko espedientearen arabera.

Egoeraren larritasuna dela-eta, langileek batzar orokor erabakigarria egin zuten asteartean, eta bertan erabaki zuten 55 kaleratzeak ekiditeko greba hastea. Hala, 96 langilek grebaren alde bozkatu zuten, eta 20k, kontra. Beraz, ELAk (7) eta LABek (2) osatzen duten langile batzordeak igorritako oharrean nabarmendu dutenez, «kaleratzeak mahai gainetik kendu ezean» langileak ez dira beren lanpostura itzuliko.

Grebaz gain, mobilizazioak eta beste hainbat ekimen antolatu dituzte langileek egun hauetarako. Atzo, auto karabana egin zuten eskualde osoan, eta bertako alkateekin hitz egin zuten Nafarroako Gobernuarekin bil daitezen eskatzeko. Larunbatean, gainera, manifestazioa egingo dute Beran, 18.00etan.

Urtebetean 115 langile gutxiago

Langile batzordeak gogora ekarri du oharrean Funverak 202 langile zituela duela urtebete, eta orain 87 langilerekin jarraitu nahi duela aurrera, hau da, erdia baino gutxiagorekin. Honekin batera, langileek nabarmendu dute azken 12 hilabeteetan hirugarren espedientea dela honako hau, aurreko biek «enplegu-etenaldia» ekarri zietelarik. Horien ondorioz, 58 eta 195 egun eman zituzten lanik gabe.

«Azken espediente hau, aurrekoen moduan, produkzio eta antolakuntza arazoengatik aurkeztu da, ez arazo ekonomikoengatik» azaldu dute langileek, eta salatu dute enpresari ez zaiola «interesatzen» azken bost urteetan izandako 11 milioi euroko irabaziak ezagutzea.

Langileek, ildo honetan, aurreikusitako kaleratzeak «berehala kentzeko» galdegiten diote enpresako zuzendaritzari, eta honek eskaera onartu ezean, Nafarroako Lan Sailak ez ditzala onartu. «Funverako langileak nazkatuta gaude egoera honetaz, non `garai onetan' onurak alde batera doazen bitartean, `garai txarretan' guri dagokigu ondorioak ordaintzea», gaineratu dute hedabideei igorritako oharrean. Eta azaltzen dute pairatutako «hainbeste bidegabekeriek» bultzatzen dituztela langileak greba eta mobilizazioak antolatzera. Hau ez da aurten Funverako langileek lanpostuen defentsan aurrera eramandako lehen ekimena. Iragan udaberrian, besteren artean mobilizazioak eta Iruńeraino heldu zen martxa bat antolatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo