GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Baina hurrengoan ere joango da

 

Aste osoa ematen du asteburuari begira. Maindireak prestatu, txamarra lodia, argazkiak, galtzerdi eta kulero termikoak... Ahaztu gabe galdetu behar dio bihar deitzen duenean nahikoa jertse ba ote dituen. Ahaztu egiten zaio beti, konturatzerako bost minutu joaten dira-eta. Telefonoaren ondoan ohartxo bat utzi du: «Galdetu jertseena». Enkarguak pilatzen ari zaizkio; «Muxu bat Mikelen partez», «Ana haurdun dago», «Juneri hortza atera zaio»... Enkargu guztiak antolatzeko moduren bat topatu behar duela pentsatu du. Lehen ez zen larritzen papertxoak sofa azpian ezkutatzen zitzaizkionean. Emango zizkion enkarguak visean. Memoria onekoa da. Baina, orain, joan joango da larunbatean, baina ez daki ikusiko duen. Egingo ditu 800 kilometro, bihotza nekatuko zaio, eta agian hainbeste behar duen hilabeteko muxurik gabe geratuko da.

«Lasai egon amatxo. Ondo nago», esango dio bihar deitzen duenean. Baina ez dio sinistuko. Ondo dagoela sinesteko irribarrea ikusi behar izaten dio, hilean behin gutxienez. Hamar urte zituela ikastolako pasilloan su-itzalgailuaren kontra hautsi zuen hortz hori ikusi behar izaten dio, benetan barre egiten duenean bakarrik ikusten baitzaio puskatutako hortza.

Irribarre hori ikusteagatik biluztuko litzateke. Hori baino gehiago ere egingo luke. Baina ez du egingo, bestela ere nahikoa umiliatzen dituztelako eta alabak hori ez egiteko eskatu diolako. Agian ikusi gabe bueltatu beharko du eta geratzen zaion adorea pusketatan jaso beharko du bueltako 800 kilometrotan barna. Baina hurrengoan berriz joango da. Eta hurrengoan.


 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo