CADEk AHTren ibilbidearen inguruan sortu den nahasmena salatu du
Idoia ERASO |
Ipar Euskal Herrian AHTren bide berria eraikitzearen aurkako elkarteak biltzen dituen CADE kolektiboak egitasmoaren gainean horren sustatzaileek sortu nahi duten nahasmena salatu du. Azaldu dutenez, Frantziako Trenbide Sareak (RFF) eskaintzen dituen datu eta kopuru ezberdinen artean baliagarriak zein diren jakitea ezinezkoa da: «Horri buruz, 2006an baino gutxiago dakigu 2009an».
Trenbidea eraikitzeko proposatutako bi ibilbideek hurrenez hurren zeharkatuko lituzketen herrien artean, Urruñaren eta Azkaineren artean, gatazka sortu nahi izatea ere salatu dute.
Ekimenak
Linea berriaren kontrako borrokan aurrera egiteko beste bi hitzordu jarri dituzte. Lehena, urtarrilaren 23an, Hendaian. Goizean elkarteen arteko koordinazio eta eztabaida bultzatzeko batzarra egin, eta arratsaldean manifestazioa egingo dute, Hendaiako geltokitik Irunera.
AHTri buruzko erreferenduma ere antolatu dute. Martxoko eskualde hauteskundeetan, zortzi herritako biztanleei galdetuko diete horri buruz duten iritzia -Biriatu, Urruña, Senpere, Azkaine, Arrangoitze, Arbona, Ahetze eta Basusarri- .
Daniel Poulou diputatuak trenbide berriaren alde astelehenean egindako adierazpenak gogor salatu zituen Bidasoa-Urdazuri elkarteko bozeramaile Pantxoa Teillerek. «Lotsagarria, Polouk nola saldu dituen herritarrak eta Orain ta Geroko zerrendakideak».