GARA > Idatzia > Kultura

Eskarmentuaren putzutik idatzi du Anjel Lertxundik saiakera berria

Datorren urtean berrogei urte beteko dira Anjel Lertxundik bere lehenengo liburua argitaratu zuenetik. Data hori kontuan izanda, eta urte horietan guztietan literaturak emandakoa parez pare begiratuta argitaratu du «Eskarmentuen paperak» Erein argitaletxearekin. Saiakera «fragmentatua» da idazle oriotarrak aurkezten duena, bizitzako une desberdinak gogora ekartzen dituena, beti ere literaturaren ikuspegitik, baina ez bere obren analisi moduan.

p041_f01_199x116.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

«Eskarmentua» gako-hitza da Anjel Lertxundiren lan berriari lehen begiratua emateko orduan; batetik, datorren urtean berrogei urte beteko direlako bere lehenengo liburua argitaratu zuenetik eta, bestetik, berrogei urteotan eskarmentu nahikoa bildu duelako bai bere bizitzan, baita literatur emariari dagokionez ere.

Lau hamarkadei zuzendutako begirada bada ere, ez da bere obrari egindako errepasoa; literatura eta bizitza nola ikusten dituen agertzen duen saiakera baizik. Urte horietan guztietan egindako lana ispilu baten aurretik pasatzen du «Eskarmentuaren paperak» liburuan eta ispilu horrek utzitakoak dira alea osatzen duten atal desberdinak.

«Langai ona da zatia, tesela, puska. Glosa bat beste baten ondoan jarri eta efektuari erreparatu. Efektua ez bada gustagarria, edo iruditu ezkero testuak laburregi iradokitzen duela, testuari beste kokapen bat bilatu. Eta beste bat. Asmatu izanaz konbentzitu arte», irakur daiteke liburuaren atzeko azalean, Inazio Mujika editorearen arabera, azken obra hori «guztiz definitzen duen esaldia».

Liburu «mugarria» da, Mujikaren hitzetan: «Geldialdia egin du literaturgintzan eta bere lana birplanteatu du. Anjel Lertxundi umoenaren izpiak erakusten ditu».

Gai askotaz

«Nire idazle esperientziatik idatzia dago, nahiz eta nire obren analisirik egiten ez duen», esan du autoreak berak. Esan bezala, liburua «fragmentutan» banatua dago eta gaiak liburuak dituen zatiak bezain ugariak dira. «Euskara agertzen da, nire lan tresna delako; literatura, ogibide dudalako; autobiografiatik ere badu zerbait, baina beti literaturaren zerbitzura jarria; bizitzaz ere hitz egiten da, herioaz eta minaz, adibidez», esan zuen, «fragmentu» horien askatasuna eta batasuna eta, era berean, elkarren arteko irakurketa lineala defendatzearekin batera. «Horrek esan nahi du -jarraitu zuen-, liburua bi eratan irakur daitekeela; hasi eta buka, edo saltoka, bakoitzak nahi duen moduan».

Saiakera sortzeko arrazoietako bat joan den udaberrian Jon Benitok hitzaldi bat emateko egin zion gonbidapenean oinarritzen da. «Irakurketari buruzkoa zen eta nik jadanik argitaratua nuen testu batean oinarritutako mintzaldia emateko esan zidan. Nik ez nituen lehenagoko gauzak berriro errepikatu nahi, beraz, etxeko koadernoetan irakurketari buruz zer neukan idatzia begiratzen hasi nintzen. Orduan konturatu nintzen material ugari nuela», gogorarazi zuen. Hitzaldi hartan, baina, Umberto Sabaren liburu bat erabili zuen, «Laster bidean». «Zergatik laster bidean?», galdetu zuen Lertxundik. «Irakurleari zerbait iradokitzeko era labur eta intentsoan idatzi behar dira gauzak. Sabak suziriekin alderatzen zituen lasterbide horiek. Nire ustez, lasterbideak espazioan daude, baita denboran ere. Askotan erabili izan dudan formula da, baina beti gai baten bueltan baliatu dut. Oraingoan, lasterbide ugari erakusten ditut, hamaika gairi lotutakoak».

Sabari «omenaldia» eskaini nahi ziola aitortu zuen ondoren, eta bere ideia nagusia saiakerari «Laster bideak» izenburua jartzea zela. Inazio Mujika editoreak baina, «eskarmentutik ari zela» gogorarazi zion eta, hitzaldi hartarako baliatu zituen koadernoez oroituta, «Eskarmentuaren paperak» jartzea erabaki zuen.

«Nire irakurleek egin naute idazle»

«Euskal literaturaz hitz egiten denean, beti hitz egiten da idazleaz, eta gauza bera gertatzen da literaturaren eboluzioaz aritzen garenean ere», esan zuen Lertxundik urteen buruan idazleek izaten duten aldaketa eta garapenen inguruan galdetu ziotenean. Bere ustez, ordea, «guk garapen bat izaten dugu irakurleak berea izaten duen bezala. Azken berrogei urteetan, bera ere aldatu egin da».

«Berrogei urteren buruan nire irakurleek irakurri egin naute, eta beraiek bihurtu naute idazle. Guk, irakurleari zer irakurri ematen diogu eta berak gu sortu egiten gaitu», nabarmendu zuen.

Hori da Lertxundik bere saiakeran hartzen duen oinarrietako bat, nahiz eta halakoez jarduteak bere «arriskuak» ere badituen: «Idazleak idazlearentzat soilik jarduteko arriskua du. Aitzitik, ez da txarra idazleak irakurle bezala idaztea, eta hori da liburu honetan egiten saiatu naizena».

«Esan beharreko guztiak esaten saiatu naiz, eta esandakoak ahalik eta irakurgarrien egiten», amaitu zuen.A.K.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo