Afganistanen Armada handitzea akatsa bada, zer esanik ez aldi berean irteteko data jartzea
Aaukera guztien artean okerrena. Honela laburbildu daiteke Afganistango okupazioaren auzian Barack Obamak hartu duen azken erabakia. Bertan dagoen Armada indartzeaz gain, bi urteko epea jarri du atzera egiteko, tropak etxera bueltatzen hasteko. Era honetan, bere oinarri sozialari huts egiteaz gain -honek etorkizunean ekar dakiokeen kostu politikoarekin-, arerioari eskura jarri dizkio bere aurka egiteko argudio guztiak eta baita politikoki erabil daitekeen epemuga bat ere. Larriena zera da, Afganistanen gauzak gaur egun dauden bezala epemuga hau erabat irreala dela. AEBtako analista desberdinek nabarmendu dutenez, segurtasunaren auzia Obamaren ahuldade handienetakoa da. Ez berak ez bere konfiantzazko jendeak ez du alor hau menperatzen eta, ondorioz, etxekalte ari diren aholkularien edo oposizioaren kritikek gidatzen dute bere politika. Erabaki hau hartzeko, ordea, hobe luke bere sen onari kasu egin izan balio. Obamaren mugak albo batera utzita -ezkerreko ikuspuntu batetik agerikoak direnak, bestalde-, hauxe izan da sinesgarritasun politikoa eman diona. Kontrakoa egitea izango da, zalantzarik gabe, sinesgarritasun hori hondatu dezakeena.