GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Idoiagabeitia eta Karmele Iribar Mendexako alkatea eta Getariako hautetsia, hurrenez hurren

Euskararen egunetik euskararen prozesura

UEMAk jarraitu behar du, euskararen jarduna indartzen udal administrazioan eta udalerriaren bizitza sozial guztian; baina horrekin batera, euskararen testuinguru itogarria aldatzeko eta ingurune osasungarria ezartzeko, jauzi kualitatiboa eman behar du UEMAk, aurrera begira, egungo menpeko hizkuntza politiken zikloa itxi eta Euskal Herri euskalduna berrosatzeko ziklo berria ireki behar du, Euskal Herri osoarekin elkarlanean

Abenduaren 3an euskararen nazioarteko eguna ospatzen da, euskararentzako testuinguru itogarri batean eta menpeko hizkuntz politiken baitan. Euskarak laguntzak behar ditu, euskararen ingurune kaltegarria gainditzeko eta ez sendotzeko. Euskal Herri euskaldunak aldaketa politikoa eta testuinguru osasungarria behar ditu; baina jokaleku horretara joateko, euskararen aldeko ekintzak, ofizialtasun osoa eta eskubideak berreskuratu behar dira, Euskal Herri osoan. Herri honen eskubide iraunkorra eta kendu ezinezkoa baita; eta hori gabe Euskal Herri euskalduna ez baita berrosatuko.

Hori diogu, azken 30 urte ondoren, egoerarik onena den zatian, EAEn, aurreko Jaurlaritzaren 2005-2009ko egitasmoak honako joera negatibo hauek adierazi dituelako: «Euskararen erabilera urria eta guztiz irregularra da», «euskaldunak bakarrik hartuz gero, euskararen erabilerak behera egin du», «1982 inguruko urteetan ez bezala, erdal elebakartasunaren aldeko diskurtsoa ari da orain gure artean zabaltzen», «ezin da euskararen geroa bermatutzat eman»; eta Kontseiluaren Hizkuntz Eskubideen Behatokiak: «Hizkuntz eskubideak Euskal Herri osoan urratzen dira eta administrazio guztiek urratzen dituzte».

Urte horietan, besteren artean, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako lana nabarmendu behar da. UEMAn dauden herriek dituzte notarik onenak euskararen normalizazioan. Egun EAE-ANVk, EAk, Aralarrek eta kide independente batek osatzen dute UEMAko zuzendaritza. EAJk aurka jotzea erabaki du, garestia dela diote, eta UEMAtik atera ditu zenbait udalerri; horien artean, Munitibar, Etxebarri, Mendexa eta Getaria; Azpeitiko Udalak UEMAn sartzea erabaki zuenean ere, aurkako botoa eman zuten hautetsi jeltzaleek.

Baina albiste onak badira. UEMAn sartu diren herri berriak. Besteren artean, Atxondo, Mallabia, Areso, Azpeitia, Otxandio, Araitz, Larraun, Etxalar, Bera, Elgeta, Amezketa eta Busturia. Kide berriekin, dagoeneko 61 udalerrik osatzen dute UEMA. UEMAren 18 urteetan hirukoiztu egin da hasieran euskaraz bizitzeko erabakia hartu zuten udalerrien kopurua eta gogoeta prozesuan sartuta daude etorkizunari aurre egiteko. UEMAk zer izan nahi zuen, zer izan den eta zer izan nahi duen erabakitzeko.

Espainiako Estatuak UEMAko udal ordenantzak baliogabetu baitzituen, Espainiako Konstituzioaren mugak gainditzen omen zituelako. Kanpoko esku sartze bidegabe horrek udal ordenantzak murriztu ditu; aho batez onartutako udal ordenatzen artikuluak baliogabetu ditu (Alegia, Aizarnazabal, Orendain, ...); udalak UEMAn sartzea debekatu du (Ondarroa eta Lekeitio); UEMA marko juridiko politikoaren eta menpeko politikaren esparrura mugatuz.

UEMAk jarraitu behar du, euskararen jarduna indartzen udal administrazioan eta udalerriaren bizitza sozial guztian; baina horrekin batera, euskararen testuinguru itogarria aldatzeko eta ingurune osasungarria ezartzeko, jauzi kualitatiboa eman behar du. Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko hizkuntza politika berria aldarrikatu behar du. Lehen urrats bezala, UEMAko herritar euskaldunok euskaraz bizitzeko eskubide pertsonala Euskal Herri osoan aitortua izan dezagun eta erakundeek eskubide hori berma dezaten.

Euskararentzako proposamen demokratikoak, gutxienez, aitortu behar du Euskal Herri osoan, ofizialtasun nahikoa, belaunaldi berri guztiak euskalduntzeko; euskara hutsezko erabilera ziurtatu behar du, euskaldunak %70etik gora diren herrietan eta esparru sozialetan; eta euskal hizkuntz komunitatea berrosatzeko eta normalkuntza progresiboa zabaltzeko ekintzak bermatu behar ditu.

Izan ere, gizateria ingeles elebakartasunera bideratzen ari da eta euskarak ez du oraindik, Belgikako edo Suitzako hizkuntzen pareko estatusik; baina Frantziak eta Espainiak euskarari estatu burujabearen tresnak debekatzen dizkiote. Horregatik, UEMAk, aurrera begira, egungo menpeko hizkuntza politiken zikloa itxi eta Euskal Herri euskalduna berrosatzeko ziklo berria ireki behar du, Euskal Herri osoarekin elkarlanean.

Garaia da hizkuntz zapalketaren eta menpeko politiken amarruen aurrean oinarri juridiko unibertsalak aldarrikatzeko, euskararentzat lortzeko Euskal Herri osoan, gaztelaniak eta frantsesak, bakoitzak bere estatuan duten «berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera» eremu juridikoan, politikoan eta soziolinguistikoan. Hizkuntz askatasunak Euskal Herri euskalduna exijitzen du. Ez da amore emateko ordua euskararen prozesua abiatzekoa baizik. Euskal Festaren garaia da. Guztion partaidetza eta harremanak hobetzeko, kohesio soziala indartzeko, euskaraz bizitzeko eta Euskal Herri euskalduna lortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo