GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

ERREMONTEA Binakako Txapelketaren aurkezpena

Neguko txapelaren bila

Sei bikotek hartuko dute parte larunbatean Galarretan hasiko den Binakako Erremonte Txapelketan. Zazpi pilotarik badakite zer den txapela janztea, eta aurten esperientzia hori errepikatu nahi dute.

p040_f01_777x777.jpg

Asier AIESTARAN

Binakako Erremonte Txapelketaren 39. ekitaldia larunbat honetan hasiko da Galarretan eta goi mailako sei bikotek hartuko dute parte: Uterga-San Miguel, Juaristi-Urrutia, Zeberio II.a-Badiola, Ezkurra-Ion, Urriza-Lizaso eta Altuna II.a-Etxeberria III.a. Tejados Aoiz enpresak babestuta, partidak Hernaniko Galarretan eta Uharteko Euskalen jokatuko dituzte eta finala urtarrilaren 16rako dago aurreikusia.

Final-laurdenak ligaxka moduan jokatuko dituzte eta zerrendabururik gabeko bi multzoen zozketa atzo egin zuten Iruñean egindako aurkezpen ekitaldian. A multzoan, Uterga-San Miguel, Juaristi-Urrutia eta Zeberio II.a-Badiola bikoteak egokitu ziren; B multzoan, berriz, Ezkurra-Ion, Urriza-Lizaso eta Altuna II.a-Etxeberria III.a. Bikote bakoitzak bi neurketa jokatuko ditu eta multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek finalerdietan egoteko txartela irabaziko dute.

Finalerdietan, A multzoko onenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatu beharko du, eta A multzoko bigarrenak B multzoko lehen sailkatuaren kontra. Kanporaketa bakoitzean bi norgehiagoka jokatuko dituzte, bat Galarretan eta bat Euskalen, eta finalean sartzeko bi garaipen lortu beharko dira. Beraz, bikote bakoitzak partida bana irabazten badu, hirugarren bat jokatuko da berdinketa desegiteko. Finaleko irabazlea neurketa bakarrean erabakiko da, urtarrilaren 16an, esan bezala.

Gazteak eta beteranoak

Pilota munduan ohikoa denez, bikoteen aukeraketa enpresaren esku egon da aurten ere eta, aurkezpenean aipatu zutenez, ahalik eta orekatuenak izan daitezen saiatu dira. Alde horretatik, gero eta nabarmenagoa da erremonteko koadro profesionalean bi talde osatzen ari direla. Batetik, beteranoak daude: Zeberio II.a (bost txapel), Ezkurra (hiru txapel eta zortzi final) edota Lizaso (txapel bat). Bestetik, gazteak aipatu behar dira, azkenaldian bikain dabiltzanak: Urriza (azken bi urteetako txapelduna), San Miguel (bi txapel azken hiru urteetan) eta Urrutia (beste txapel bat). Aurten enpresak bikote bakoitzean txapeldun bat kokatzea erabaki du, eta aurreko urteekin alderatuta, bikote irabazle bakarra errepikatuko da, Urrizak eta Lizasok osatuta 2007an txapeldun irten zena.

Lehiaketa larunbatean hasiko da Galarretan Uterga-San Miguel/Juaristi-Urrutia partidarekin. Igandean, Euskalen, Ezkurra-Ion/Urriza-Lizaso.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo