GARA > Idatzia > Kultura

Pentagramatik festara eta zuzenekotik kutxara, «Itoiz suite»

Brian´s Records zigilu bizkaitar sortu berriak «Itoiz Suite» CD/DVD diskoa argitaratu berri du, Itoiz pop taldearen kantu esanguratsuenak molde sinfonikoan biltzen dituena, Juan Carlos Perezek urte eta erdian moldatu eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak joak.
p042_f01_148x088.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Itoiz talde maitatua eta gogoratua da oso gurean, eta egun herrikoi bihurtuak dira beraiek sortutako kantu batzuk. Alta, udan guztiz harritu gintuen Juan Carlos Perez mutrikuarrak, kantu ahaztezin horietako batzuk molde sinfonikoan emanda. Lanak «Itoiz suite» izena hartu zuen, eta Bilboko jaietan eman zuen zuzeneko emaitza, Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) jo musikan.

Perezek proiektuaren bukaeratzat jo zuen «Itoiz suite» argitaratu izana, eta gogorarazi zigun 2008ko urtarrilean hasita, obra idazten buru-belarri sartuta urte eta erdi eman zuela, «BOSen proposamena jaso ostean». Eta pozik agertu zen, «horrelako orkestra oso batekin» lan egiteko aukera izanda. Eta emaitzarekin gustura agertu zen, artista eta jagole askoren ekimena izan delako. Lanaren argitalpena gainera, oso txukuna da -formatu normal zein luxuzkoan- eta barruan Perezek idatzitako azalpenak dakartzan liburuxka jasotzen du.

Bestalde, BOSeko zuzendari nagusi Ibon Aranbarrik aberasgarritzat jo zuen lana, eta «espero dezagun azkena ez izatea» gaineratu. Bere aldetik, Brian´s Recordseko arduradun Jose Angel Serrano pozik agertu zen, «Itoizek gurean duen esanahiagatik, harro gaude lana ekoiztu izanaz, gure diskoetxearen sorreran baitago egitasmoa».

Soinua eta irudia

Lanak bi atal ditu. Batetik, soinua, Mikel F. Krutzagaren gidaritzapean, BOSek Sarrikon, Musika Kontserbatorioko entzunaretoan, iragan irailean grabatua. Eta bestetik, irudiak, EiTBk Bilboko jaietan egindako estreinaldian zuzenean grabatuta. DVDak, orkestra jotzen agertzeaz batera, Jesus Mari Lazkano artista plastikoak zuzeneko horretarako sortu irudiak agertzen ditu. Lazkanok zubigiletzat jo zituen artistak, eta bakoitzak bere esparruan, musika eta irudia uztartu eta «herri paisaia sentimentala sortzeko ahalegina» egin izana aipatu zuen.

BI FORMATU

Lana bikoitza da, soinua eta irudia biltzen baititu CD/DVD batean. Eta bi formatutan argitaratu dute, ohiko kutxatik aparte dotoreago bat aterata, aipatu CD/DVDz gain Lazkanoren artelana eta beste dituena barruan.

ZUZENEAN

«Itoiz suite» egitasmoaren bidea luzea da oraindik eta zuzenean entzuteko parada ere izango da, BOSek Bilboko Arriaga antzokian (martxoaren 11n) eta Biarritzen (martxoaren 27an) joko du-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo