Joxerra Garzia Garmendia kazetari eta idazleak Abbadia saria eskuratu du
GARA | DONOSTIA
«Euskararen kalitatearen inguruan eginiko hausnarketa eta ahozkotasunaren inguruko ekarpenak» arrazoi hartuta, Abbadia sariko epaimahaiak Joxerra Garzia Garmendia kazetari eta idazlearen ibilbidea saritzea erabaki zuen. Atzo burutu zen sari-banaketa ekitaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jargi Aretoan eta, ondorioz, Garziak Xavier Lakaren garaikurra, 12.100 euroko txekea eta datorren urtean lan bat sustatzeko Aldundiaren konpromisoa lortu zituen. Sarituak, atzoko hitzorduan eskerrak eman ondoren, Abbadia saria jasotzeak ilusio berezia egin diola esan zuen. Batetik, euskararen beraren barrutik sortutako saria delako, ez kanpotik emandakoa eta, bestetik, euskalgintzan kide dituenek egindako aitorpena delako, azaldu zuten sariaren arduradunek prentsa ohar baten bidez. Joxerra Garziak, bestalde, txikiak izateak, handiak baino hobeak izaten saiatzera behartzen gaituela esan zuen eta alor askotan lortzen ari bagara ere, ausardia eskatu zuen, besteena kopiatu baino, gurean sakontzea delako bere ustez, unibertsalak izateko biderik egokiena.
Bestalde, Markel Olano diputatu nagusiak euskarak azken hogeita hamar urteotan biziberritzeko eman dituen pausoak ekarri zituen gogora eta Maria Jesus Aranburu epaimahaiburuak Garziak eginiko merezimenduak azaldu zituen. Abbadia saria Aldundiak sortu zuen 1996an, «euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko». Jende adituaz gain, sariak esparru zabalagoa hartu nahi du: «Euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko pertsona edo elkarte, oinezkoen jardunaren aitorpen izan nahi du».