Le Clezio Literaturako Nobel saridunaren «Basamortua» euskaratu du Elkarrek
Iaz Literatur Nobel Saria eskuratu zuen Jean-Marie Gustave Le Clezioren «Basamortua» eleberria euskarara ekarri du Elkarrek, joan den mende hasieran Saharak jazotako borrokak oinarri dituen lana.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
XX. mende hasieran frantsesek fusilaren puntan obratutako Sahararen konkista odoltsua hondo gisa harturik marrazten da Lalla izeneko neska berberearen istorioa. Basamortuko gerlari urdinen leinukoa, Ipar Afrikako izenik gabeko hiri bateko bazter auzo batean bizi da neskatoa, dunen artean jolasean Hartani artzain gor-mutuarekin, edo Europako hirien berri entzunez Naman judu arrantzale zaharraren ahotik. Etorkin bilakaturik, Marseillara iritsiko da: kalez kale ibiliz, hotel xume bateko garbiketak eginez edo argazkilari batentzat modelo bilakaturik, Lallak ez du inoiz galduko bere izaera alaia, ez bere begirada aratza, ezta bere jatorriaren oroitzapena ere.
Jean-Marie Gustave Le Clezio (Niza, 1940) Nobel saridun idazlearen eleberria euskarara ekarri du Elkar argitaletxeak Luis Berrizbeitiaren ekarpenari esker. Bere ustez, bi itzulpen mota izan ohi dira bere lanean: batetik, norberak aukeratzen dituenak eta, bestetik, inork norberarentzat aukeratzen dituenak. «Kasu honetan bigarren aukerako itzulpen mota da hau, itzulpena egiteko neure burua aurkeztu bainuen, idazlea asko ezagutu gabe, baina aukera aprobetxatzeko asmoz», esan zuen. Berrizbeitiaren aburuz, itzulpena egiteko orduan bi arazo nagusi izan zituen. Bata, testuaren luzera (itzultzen duenarentzat irakurtzeko ez baita hain luzea) eta, bestea, liburuan jasotzen den errealitatea «gure errealitatearekin zerikusi handirik ez duen istorio bat dela; gugandik urrun dagoen gizarte bateko kontuak azaltzen dizkigula».
«Egileak bi hari narratibo nagusiak gurutzatzen ditu -jarraitu zuen-, formalki modu paraleloan eramaten ditu eta horretatik sortzen diren indarrak eta gatazkak sortzen dute liburuaren interesa eta mamia». Interes hori gauzatzeko, «estilo borondate izugarria» aurkezten du «Basamortua»ren idazleak (Jokin Zaitegi Sariaren irabazlea); «testu landua da, eta gehien aipatzen dena da izugarrizko borondate lirikoa duela, narrazio izaerari uko egin gabe, ukitu lirikoz jositako lana dela», amaitu zuen.