GARA > Idatzia > Mundua

Gas isurketak murrizteko planari ezezkoa eman dio Australiako Parlamentuak

Kevin Rudd-en Gobernu laboristak kolpe latza hartu zuen atzo, Australiako Parlamentuak bigarren aldiz berotegi-efektua eragiten duten gasak murrizteko legeari bigarren aldiz ezezkoa eman baitzion. Hala ere, Gobernuak bere horretan jarraitzeko hautua berretsi zuen.

GARA |

Australiako Parlamentuak atzera bota zuen berotegi-efektua eragiten duten gas isurketak murrizteko Gobernuak eratutako plana. Hala, kolpe gogorra jaso zuen Kevin Rudd lehen ministro laboristak.

Hiru hilabeteko tartean, Parlamentuak bigarrenez errefusatu du -41 kontrako boto eta 31 aldeko- karbono dioxido emisioak murriztea. Oposizio kontserbadoreak proiektua ezerezean uzten saiatuko zela agindu zuen.

Kopenhagen egingo den goi bilera baino egun batzuk arinago eman dio Parlamentuak ezezkoa 2020. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen isurketak %5 eta 25 artean murriztea helburu zuen proiektua, 2000. urteko indizeak oinarri hartuta.

Australia da, herrialde industrializatu guztien artean, biztanleko karbono dioxido emisio mailarik handiena duena.

Nolanahi ere, Kevin Rudden Gobernu laboristak lege polemiko honen inguruko afera berriz ere Parlamentura eramango duela ohartarazi zuen.

«Parlamentura joango gara berriz ere, eta lege hau onartua izan dadin lan egingo dugu», azaldu zuen Julia Gillard lehen ministrordeak.

Gobernua kolokan

Bozketatik ateratako bigarren ezezkoak krisi nabarmena eragin du Gobernuan, 2007an boterera heldu zenetik ingurumen politikak izan direlako haren lehentasuna.

Australiako legediak zehazten duenez, Parlamentuak hiru hilabeteko epean lege bat bitan baztertuz gero, Gobernuak eskubidea du Parlamentua desegin eta hauteskundeak deitzeko. Oraingoz Ruddek ez du asmo hori.

Industria eta nekazaritza sektoreetako talde nagusiak Gobernuak proposaturiko planaren aurka agertu dira eta oposizioaren babesa dute.

OPOSIZIOA krisian

Oposizioko buru Malcom Turnbull liberalak Rudden planaren alde agertu zen eta, ondorioz sortutako eztabaidaren ostean, kargutik kendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo