GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala

Zortzi autore, zortzi ahots propio, zortzi bertsokera; baina txapela, bakarra

Urriaren 3an Zestoan abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak ezagutzeko azken finalaurrekora arte itxaron behar izan genuen. Atzo BECen izan ziren zortziak, hemendik hamar egunera lehiatuko diren lekuan bertan.

p004_f01_280x140.jpg

Ane ARRUTI | BARAKALDO

Ilusioz, gogoz, beldur gehiegirik gabe eta bertso-festa gorenaren partaide izateak berarekin dakartzan ohore eta erantzukizunez jabetuta. Donostiako Belodromoan entzun genituen izenak eta atzo elkartu zen lehenengoz Barakaldoko BECen datorren abenduaren 13an, Santa Luzia egunez, Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela janzteko lehian arituko den zortzikotea.

Andoni Egaña, aurtengo txapelketan estreinatu gabe oraindik; Aitor Sarriegi, hiru koska pasa behar izan dituen aurtengo aurpegi berri bakarra; eta, lehian finalaurrekoetan sartutako Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Unai Iturriaga, eta Sustrai Colina.

«Kanpotik ikusita, oso bertsolari onak ditugula iruditu zait, inbidia puntu batekin entzun ditut», esan zuen bosgarren txapelaren bila joango den Egañak. «Argi daukat eguna pasatzera ez naizela etorriko. Hainbesteko errespetua zor diot bai neure buruari, bai bertsozaleei, bai kantukideei eta bai kanporaketetan zortzigarren gelditu denari, adibidez».

Gainerakoak ere festaz gozatzeko asmoz baina lehiarako prest joango dira. «Norberaren lekua bilatu nahian eta eguna iristen denean puntu onenean heldu nahian», dabilela esan zuen Lujanbiok, finaleko emakume bakarrak. Mendiluze ere antzera: «Oso eroso sentitu naiz txapelketan, gertuko sentitu dut, oso nire lekuan sentitu naiz eta finalerako ere horixe esperoko nuke, nire lekuan egotea».

Bizkaiko ordezkari bakarrak tragikomediarekin alderatu zuen txapelketan izandako ibilbidea: «Bietatik izan du, Gasteizko saioari tragediaren maskara jarriko nioke eta Iruñekoari komediarena. Ez hori bakarrik, tragedian sartuko nuke inguruak bizi behar izan duena eta, tragedia ez bada ere, pena izugarria betiko kantukide Igorren presentzia eza. Eta finala komedia bat ere ez da. Hau asunto serioa eta bertsoa gainditzen duen zerbait ere bada. Erantzukizun handia sentitzen dut».

Colinak ere atzean gelditutakoak izan zituen gogoan: «Ikusi ditut gertuan lagunak eta urte osoan bertsokide ditudanak sufritzen eta horrek ere zer pentsatu eman dit, batez ere, finalera begira. Askotan ematen du betikoak gaudela, erraza dela hona iristea, baina hemen gaudenok badakigu zenbat kostatzen den».

Bertso «boom»a

«Izugarriena da XXI. mendean eta Mendebaldeko gizarte batean, jendeak lantokietan, arrandegietan, tabernetan... ahozko literaturari buruz hitz egitea, milaka eta milaka lagunek kalean hitz egitea errimei, bertsoei, metrikari, poesiari, dialektika bati buruz...», esan zuen Maiak, txapelketaren arrakastaz galdetuta. «Jendearen eskura dagoen kultur adierazpen bat gara, jendeak jolasten du bertsoarekin parrandetan, bertso-eskoletan, eta txapelketak eta Bertsozale Elkarteak txapelketaren bidez lortzen duena da izugarrizko gizarteratzea, jendeak kulturari buruz hitz egitea».

Iturriaga ez zen hain baikor mintzatu: «Nik ez daukat inongo asmorik izar bat izateko baina jakin nahiko nuke gu zortziok orain hortik paseatzen bagara zenbat jende geldituko den guri begira». Arzallusek euskaldunok batzeko elkargune moduan irudikatu zuen: «Txapelketak lau izen handi izaten ditu mantelean: Euskal Herriko Txapelketa Nagusia, eta uste dut azkenengo biak baino garrantzitsuagoak direla momentu honetan, lehenengo bi horiek».

Kontuak kontu, 14.500 zale izango dira abenduaren 13an BECen eta sarrerarik gabe gelditu direnek ere izango dute aukera telebistaz, irratiz zein Internetez saio osoa jarraitzeko eta txapelduna nor den zuzenean jakiteko. Laurogei urte bete dituen Joxe Agirre azpeitiarra izango da aurtengoan txapeldunari txapela ipiniko diona, «ikaragarrizko pisua ez baldin badu», behintzat. Halaxe esan omen zuen eskaini ziotenean. «Bertso munduan dabilen edonork ezagutzen duen aitona zoriontsua, bertso erantzule zorrotza eta puntu erantzule abila», esan zuen Iñaki Muruak, Bertsozale Elkarteko lehendakariak.

«Bere garaiko bertsolariekin, finalean kantatuko dutenekin eta gazteagoekin ere jardun du eta jardungo du kantuan. Bertsolaritzako zubi lana egiten ari da. Egin duenagatik eta egiten ari denagatik aukeratu dugu», erantsi zuen.

ATEEN IREKIERA

Goizeko saioa 11.00etan hasiko da eta BECeko ateak 9.30ean irekiko dituzte. Garaiz iristeko gomendioa egin du Bertsozale Elkarteak, atea handia baina bakarra baita. Arratsaldeko txandari 16.00etan ekingo diote.

ZURA ZUZENEAN

Bazkaltzeko jarritako 1.600 txartelak agortu egin dira, baina nahikoa toki egongo da etxetik eramandakoa jan ahal izateko. Arratsaldeko saioari ekin aurretik, Zura taldeak zuzenean eskainiko du «Bertsoka-bertsoka» kantua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo