GARA > Idatzia > Kirolak

Euskal selekzioak ESAITen prentsaurrekoa

Federazioaren jokabidea eta borondate falta salatu ditu

«Kirolarien arteko zatiketa bilatzea» egotzi zioten eta «ofizialtasuna lehentasun ez izatea». Hilaren 6tik aurrera hainbat ekintza egingo dituztela jakinarazi zuten.

p035_f01_097x080.jpg

Arnaitz GORRITI

Aurten ere Euskal Herriko futbol selekzioaren partidarik jokatuko ez dela-eta, ESAITek bere iritzia plazaratu zuen Bilboko Kafe Antzokian. Bertan, ofizialtasunaren aldeko pausoak emateko deia luzatzeaz gain, Euskadiko Futbol Federazioaren jokabidea salatu zuen.

«Federazioak ez du lehentasunen artean ofizialtasunaren aldeko pausoak ematea, azken urteetan hartutako erabakien gainetik, eta, horrez gain, bere jarduera salatzekoa dela deritzogu, hedabide batzuetara egindako filtrazioengatik eta jokalariak banatu nahian aritu delako. Jokalariekin kolektibo gisa hitz egin beharrean banaka aritzea susmagarria baita», adierazi zuen Itziar Arratibel ESAITeko presidenteak.

«Ez da batere serioa, negoziaketa zein elkarrizketa prozesu batean, beste aldea presionatzeko, negoziaketetan gertatutakoa hedabideen bitartez aditzera ematea. Arduragabekeria hutsa da. Ez da komenigarria, kolektiboaren baitan banaketa lortzeko helburuarekin zatika negoziatzea. Forma onartezin horiek erabili dituena da Gabonetan partidarik ez izatearen erantzulea», gaineratu zuen.

Bestalde, euskal selekzioen partida jokatuko ez dela-eta, Federazioak harrobiko taldeak diru laguntzarik gabe geratuko direla esan izana ere gogor kritikatu zuten ESAITeko kideek.

«Ez da serioa harrobiko futbola urtero selekzioak antolatzen dituen partida kopuruaren menpe egotea. Harrobiko kirolak finantzaketa egokia behar du», esan zuten.

Ukatzen duena etxean?

Estatu espainoleko selekzioek Euskal Herrian jokatzeari buruz, berriz, kontrako iritzia plazaratu zuten.

«Gehiengo batek garbi adierazi du euskal selekzio ofizialak nahi dituela. Nazioa gara, eta, beraz, nazioartean lehiatzeko eskubidea dagokigu. Euskal Herria egun ofiziala ez bada, argi eta garbi esan behar da, Estatu espainolaren esku-hartze zuzenagatik izan da. ESAITek, Euskal Herria eta Espainia edo Frantziaren arteko norgehiagokak sustatu ditu. Ez dezala inork pentsa ESAITek inoren aurkako dinamika bultzatu nahi duenik, baina Euskal Herriaren izatea ukatzen duenaren aurka joko dugula adierazi nahi dugu. Inposaketa hau ekidin dezagun».

Azkenik, hil honetan hainbat ekintza egingo dituztela jakinarazi zuten, datorren igandean, hilaren 6an hasita. «Eguerdiko hamabi eta erdietan, Anboto magalean dauden Pol Poleko zelaietan deialdia egiten diegu Euskal Herria oinarri hartuta kirola antolatzearen beharrarekin bat egiten duten guztiei, bertan guztiok argazki erraldoi bat ateratzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo