GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Praktika feminista garatuko duten identitateen bila goaz»

p012_f01_82075.jpg

Miren ARANGUREN I Bilgune Feministako kidea

Identitatea eta politika instituzionala. Horiexek izango dira larunbateko Emakume Abertzaleen IV. Topaketa Feministetan hizpide izango dituzten gaiak eta euskal emakumeak horietan janzteko, arlo ugaritako hizlari ezagunak izango dira Tolosan.

Oihana LLORENTE |

Larunbatean, emakume abertzale anitzen topaleku bilakatuko da Tolosako Leidor antzokia. Emakume Abertzaleen IV. Topaketa Feministak izango dira bertan, eta aukeratutako leloak dioen bezala, biluztu eta feminismoan jantziko dira parte-hartzaileak. Azken kontuak lotzen topatu dugu Bilgune Feministako Miren Aranguren, baina tarte bat eskaini digu Topaketen nondik norakoak azaltzeko. Ez du aukera galdu, eta emakume abertzaleei bertaratzeko deia egin die eta izena emateko www.bilgunetopaketak.mundua.com webgunea dagoela jakinarazi du.

Atzera begira jarri nahi zaitugu. Nola sortu zen emakume abertzale eta feministen topaketak egiteko asmoa?

Lehenengo topaketak 2001. urtean izan ziren Leitzan. Bertan 250 emakumetik gora bilduta, Euskal Herriko emakumeen egoeraren gaineko diagnostikoa egin zuten, eta era berean, borroka feministaren beharrak identifikatu zituzten Euskal Herrian jardungo zuen eragile feminista baten premia nabarmenduz. Urtebete geroago sortu zen Bilgune Feminista, behar horri erantzuteko asmoz.

Eta jada hiru topaketa egin dituzue ezta?

Bai. Gerora, praktika politikoan aurrerapausoak emateko edota diskurtsoan sakontzeko beharra egon denean egin ditugu topaketak. Hala nola, 2003an, Eibarren, eta bi urte geroago, Bilbon, hain zuzen ere, bake prozesu baten atarian ginen orduan eta emakumeek bertan izan beharreko papera definitzeko erabili genuen.

Lau urte igaro dira azken hitzordutik; zergatik orain?

Mugimendu feministak erronka berriak dauzka beti esku artean, eta horregatik dira beharrezkoak era honetako topaketak. Egia esan, landutako gaiei dagokionez, topaketek ez dute apenas loturarik batak bestearekin, baina haria beti da Euskal Herriko emakumeek eta borroka feministak dituen erronkei aurre egitea.

Zeintzuk dira borroka feministaren egungo erronkak?

Erronka asko ditugu une hauetan baina topaketa hauekin zehazki bi landu nahi ditugu: identitatearen gaia eta politika instituzionalaren aurrean hartu beharreko jarrera.

Nola eraikitzen dira identitateak?

Subjektibotasunetik sortzen direla zabalduta dago, modu oso oso indibidualean lantzen baitira identitateak egun; «ni honekin edo bestearekin identifikatzen naiz», entzuten dugu sarri. Ikuspuntu horri gehitu nahi diogu, ordea, norberak zein kolektiboak egindako praktikek zehazten dutela identitatea. Identitateak kolektiboan nola eraikitzen diren hausnartu eta eztabaidatu nahi dugu.

Gurean zein elementuk du eragina, orduan, identitatearen sorkuntzan?

Kontzientziarekin erabateko lotura du identitateak, eta beraz, jasaten dugun zapalkuntzarekin ere bai. Euskal Herriko emakumeok hiru motako zapalkuntza bizi ditugu: kulturala edo nazionala, klase zapalkuntza eta sexu zapalkuntza. Eta hortik uste dugu abiatu behar dugula hausnarketa. Hiru horien arteko artikulazioan sinisten dugu guk.

Eta zertarako behar dira identitateak borroka feministan?

Guk ez dugu identitate hutsean gelditu nahi. Praktika feminista garatuko duten identitateak, hau da, subjektu politikoak, bilatu nahi ditugu hausnarketa honekin. Hori da gure helburua. Finean, Euskal Herriak behar duen aldaketa lortzeko borroka feministak zer-nolakoa izan behar duen definitzea da xedea, eta horretarako oinarrira joan behar dugu, identitatera. Euskal Herria beste egoera batera eraman nahi badugu, herri honetan gertatzen diren zapalkuntza guztiez jabetu behar dugu, eta guztiei buelta emango dien borroka da garatu beharrekoa.

Larunbatean orduan, praktika feminista garatuko duen identitatea definituko duzue?

Horretan hasiko gara. Topaketetan identitatearen gaiari helduko diogu. Bere osotasunean eta eztabaida konplexu horrek dituen korapilo guztiekin, baina eztabaida ez da bertan itxiko. Egia da mugimendu feministako beste eragile ugarik hausnarketa hau egina dutela, baina Topaketetan heldu egingo diogu horri, presarik gabe, leloak dioen bezala, gai horretan jantzi egingo gara, eta aurkitzen ditugun korapiloak askatzen hasiko gara.

Identitatearen gaiaz gainera, instituzioetako politikari buruz ere hitz egingo duzue.

Halaxe da. Politika instituzionalaren aurrean gure jarrera definitzeko beharra dugu, aurrerapausoak eman ditugu norabide horretan baina oraindik badugu zer eztabaidatu. Finean, sistema patriarkalaren tresna nagusietako bat dira instituzioak, eta ustezko berdintasun batean bizi garela defendatzen dute bertatik.

Genero politiken eta analisi feministen arteko aldeak ere sakonetik aztertu nahi ditugu, eta ekarpen teorikoaz gainera, bi herrietako esperientziak izango ditugu, eztabaida lurreratu eta instituzioetan dauden aukerak bertatik bertara aztertzeko.

Nori zuzenduta daude topaketa hauek?

Izenak dioen moduan, emakume abertzale eta feministei zuzenduta daude, baina, ideologia eta eremu desberdinetako emakumeak bildu nahi ditugu bertan, beren egoeraren inguruan hausnartu eta aldatzeko konpromisoa hartu nahi duten emakumeak.

Azalduko diren gaiak emakume ororentzat dira ulergarriak?

Mugimendu feministarekin lotura handia duten eztabaidak izango dira, baina gauza batean asmatu dugu: maila abstraktu batean hitz egingo duten hizlariak ditugun arren, gure egunerokotasunarekin lotuta dauden pertsonak dira. Hitzak oso potoloak dira bai, baina gure egunerokotasunean dauden kontzeptuak dira landuko ditugunak, finean gure kontzientziaz ari gara, sentitzen dugunaz.

Hizlari teoriko horietaz gain, mugimendu feministak ere hitza hartuko du, hainbat arlotan borrokan ari diren emakumeak edota sexu identitatean `adituak' edo egongo dira. Beraz, edozein joan daiteke, feminismoaz asko jakin gabe ere asko ikasiko dugulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo