GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA I Marka saiakera

Miren Urkiolak ez du hutsik egin errektangularrarekin

Bizkaitarrak bost minutuan hiru jasoaldi eman zizkion 125 kilokoari, eta harri horrekin orain arte emakumezkoetan inork egin ez duena egin zuen.

p036_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA I

Miren Urkiolak bete zuen bere helburua, eta marka berria ezarri zuen, 125 kiloko harri errektangularrari bost minutuan hiru jasoaldi eman ostean. Emakumezkoetan harri errektangularrarekin dagoen markarik handiena da. Aurrekoa Idoia Etxeberriak zeukan, eta berak 120koa zuen jasota.

Bizkaitarrak Erromon egin zuen saiakera, baita lortu ere. Teknikoki harri-jasotzaile bikaina da Miren, eta oraingoan ere ederki erakutsi zuen. Ez zuen huts bakar bat ere egin, dena primeran eraman zuen, eta azkenean helburua lortu zuen.

«Oso gustura nago egindakoarekin. Dena nahi bezala, etxean egiten dudan bezala joan da, eta pozik nago», esan zuen Urkiolak saioaren amaieran.

Larrea

Jaialdi berean, Julian Larreak kanako enborra moztu zuen 80 urterekin. Berriro ere lan bikaina egin zuen. Urteak aurrera egina ahala, badirudi hobetzen ari dela, eta jendearen txalo zaparradak entzun behar izan zituen lan bikaina egin baitzuen. Enbor handi hori mozteko, 21 minutu eta 22 segundo behar izan zituen, eta ez dago batere gaizki, duen adina kontuan hartuta. Orain dela gutxi beste saiakera bat egin zuen, eta orduan ere lan bikaina egin zuen, oraindik sasoi bikainean dagoela erakutsiz.

Jaialdi berean Bizkaiko orga-joko finala ere jokatu zuten, eta Joxe Lapazaranek jantzi zuen txapela. Berak lau itzuli pasako marka egin zuen, eta aurreikuspenak bete egin zituen, bera baitzen faboritoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo