GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kultura

Gasteizko Mendi Zinemaldia, ate joka

Datorren ostiralean hasi, eta 19an bukatuko da. Bigarren aldia da aurtengoa, eta 42 film izango dira ikusgai. Horrez gain, Jabier Lesen argazki-erakusketa eta Chris Sharma zein Christian Ravier-en emanaldiak eskainiko dituzte.

p042_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Azkenaldion, Euskal Herriko makina bat txokotan ari dira «mendi asteak» antolatzen. Ikus-entzunekoak ez dira datozen asteotan amaituko; bada, gainera, ekimen erakargarri zein esanguratsu bat, guztien artean nabarmentzekoa. Gasteizko II. Nazioarteko Mendi Zinemaldiari buruz ari gatzaizkizue.

Jende andanak eskatzen zuen gisa horretako jaialdi bat, eta iaz Gasteizkoa jarri zen martxan. Torellokoak duela gutxi itxi zituen ateak, eta Gasteizkoak, berriz, datorren ostiralean zabalduko ditu. Datu esanguratsu bat: biak ala biak, Torellokoa zein Gasteizkoa, Estatu espainolaren eremuan egiten diren mendi zinemaldi bakarrak dira.

Aurtengo jaialdiak hilaren 11tik 19ra iraungo du. Alpinismoari zein mendian egiten diren bestelako kirolei buruzko filmak ikusteko aukera paregabea izango da 9 egunotan. Guztira 80tik gora proposamen aurkeztu, eta guzti-guztiak ondo baino hobeto ikusi eta aztertu ondoren, antolatzaileek 42 aukeratu dituzte lehiaketarako.

Gai ugari lantzen dituzte 42 film horiek: eskalada, himalayismoa, espeleologia, piraguismoa, pirineismoa, ingurumena... Eta lanon jatorria ere askotarikoa da: Katalunia, Espainia, Frantzia, Gales, Suitza, Argentina, Polonia... Euskal Herriko produkzioak ere izango dira, jakina; bost, guztira.

Gasteizko Mendi Zinemaldiak iaz eman zuen lehen urratsa, eta bigarren honetatik aurrera zer nahi duten argi dute antolatzaileek: «Epe motzera, zinemaldia sendotu nahi dugu. Eta, bide batez, gure izena nazioartera eraman. Gero, dena ondo badoa, antolakuntza profesionalizatu eta publiko osoarentzat erakargarria egitea nahiko genuke».

Proposamenak ugari

Antolatzaileek aurreratu digutenez, pelikulen maila nahiko ederra da. Datu soil bat: Torellon irabazi zuen filma («Mount St. Elias») Gasteizen izango da. Film horrez gain, badira maila handiko beste batzuk ere, antolatzaileen iritziz: «Berhault», «Assgard Jamming», «The Sharp End»...

Lehiaketarako aukeratu dituzten film guztiak hiru lagunez osatutako epaimahai batek aztertuko ditu. Lan horretan jardungo dutenak honakoak dira: Patxi Basabe, Marianne Chapuisat eta Javier Alonso. Lan onena aukeratzeaz gain, beste alderdi batzuk ere saritu beharko dituzte: mendiko onena, argazki onena, euskarazko film onena...

Emanaldi bakoitzeko sarreraren salneurria 2 euroko da, eta, antolatzaileek aurreratu digutenez, lehen eguneko eta hilaren 18ko sarrerekin bildutako diru SOS HIMALAYA Fundazioari emango diote. Film emanaldiak ez ezik, bestelako proposamen batzuk ere badira. Adibidez, datorren urteko urtarrilaren 31ra arte, Jabier Lesen «Lur azpiko mundu misteriotsua» argazki erakusketa zabalik dago Goiuri jauregian. Langraizeko kartzelan ere hainbat film emango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe batzuk bisitatuko dituzte. Horrez guztiaz gain, Gasteizko Nazioarteko Mendi Zinemaldiak bi gonbidatu berezi izango ditu aurten: Chris Sharma eta Christian Ravier. Biek ala biek emanaldi bana emango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo