GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Lopez-Mugertza II.a, lehen saioko onenak

p036_f02.jpg

J.L. I

Ez zen ezusterik izan, eta Lopezek eta Mugertza II.ak irabazi zuten Binakako Urrezko Aizkorako lehen ekinaldia. Lehen multzoko saioa jokatu zuten Lizarran, eta zaleek ez zuten aparteko erantzunik eman.

Irabaziz hastea garrantzitsua da lehiaketa honetan, izan ere multzo bakoitzean hiru bikote daude, eta azkenekoa bakarrik geratzen da kanpoan. Beraz, hurrengo fasean sartzeko urrats garrantzitsua eman zuten Lopezek eta Mugertzak.

Lanean hasteko 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu behar izan zuten bikoteek, eta Lezaungoak eta Mutrikukoak irabazi zuten, enborra 34 kolpetan erdibitu, eta aurkariei hiru kolperen aldea kenduta. Jarraian, 60 ontzakoa zutik moztu behar zuten, eta berriro ere faboritoak izan ziren garaile. 2.43 izan zen beraien denbora eta 3.08 Senosiain anaiena. Hirugarren lanean, erlojuz kontra bi 45 ontzako erdibitu behar izan zituzten, eta berriro ere Lopez eta Mugertza gaztea gailendu ziren. 1.54 izan zen beraien denbora eta 2.02 izan zen Olagueko anaiena.

Laugarren lanean, biko bakoitzak 45 ontzako bat zutik, eta beste bat etzanda izan zituen, eta berriro ere nafarra eta gipuzkoarra izan ziren onenak. 1.49 izan zen beraien denbora eta Senosiaindarrena, berriz, 2.00. Azkenaurreko lanean, ordea, Olaguekoek irabazi zuten, jardunaldiko saio bakarra bereganatu zuten, baina alde handiarekin, eta ia lortu zuten amaierako garaipena ere. Bi 60 ontzako erdibitu behar zituzten, eta Antoniok eta Aitorrek 4 minutu eta 26 segundoan moztu zituzten. Lopezek eta Mugertzak, berriz, 5 minutu eta 17 segundoan, eta anaiak aurretik jarri ziren.

Azkeneko lanean, berriz, bikote bakoitzak bi 45 ontzako, bi 60 ontzako eta bi kana-erdiko moztu behar zituen, eta Lopez eta Mugertzak irabazi zuten. 9.32 izan zen beraien denbora eta 9.40 aurkariena. Amaieran lan guztiak burutzeko 21 minutu eta 49 segundo behar izan zituzten Lopezek eta Mugertza II.ak, eta Senosiain anaiek, berriz, 21 minutu eta 43 segundo.

Beste desafio bat

Mendizabalek orain dela hilabete desafio bat bota zuen, nahiko nahasia, beraz, ez zen ezustekoa izan inor ez agertzea herenegun Kantabriko tabernara. Hori ikusita, beste desafio bat bota zuen. Kasu honetan edozeini jokatzeko prest dago, eta lau kanako zutik moztera bota du desafioa, eta lau minutuko abantaila ere eskatzen du. Abenduaren 21ean egongo da Kantabrikon 19.00etatik aurrera, apustua egiteko prest.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo