Mari Carmen OIARBIDE eta Kontxita BEITIA (*) I Andereño Aitzindariak
Andereño aitzindariok «Egunkaria» libre nahi dugu
Jadanik ia zazpi urte igaro dira. Kartzelan egonarazi, horietako zenbait torturatu, eta oraindik epaitzeke daude. Dagokionari galdetzen diogu nola litekeen, oraindik muturreko neurri horrekin jarraitu, hori justifikatuko lukeen zentzuzko arrazoi juridikorik aurkeztu gabe
Kezkatuta gaude. Urteak eman ditugu ikastoletan, irakaskuntzan. Euskara zabaldu eta erabilera normalizatzeko beharrezkoa ikusten genuen euskarazko egunkari bat, eta saiatu ginen, «Euskaldunon Egunkaria» izan arte. Egun gutxi barru bost euskaldun epaituko dituzte «Egunkaria auzia»rekin lotuta. Ez gara indiferenteak izango. Garai batekoak zirela uste genituen gauzak ari gara berriro ere ikusten.
Azken urteotan andereño historikoei buruz zenbait berri agertu da hedabideetan. Irakaskuntza euskaraz izatea zen garai hartako aldarri nagusia; gure eskubidea zen, eta egun ere bada. Eskubide honi erantzun nahian sortu ziren ikastolak. Gerra bukatu ostean, Elbira Zipitria andereñoa erbestetik Donostiara itzuli eta gerra aurreko ikastolak berreskuratzen hasi zen. 1942an eman zion hasiera bere asmoari. Elbirak zituen idealismoa, ausardia, ahalegina, zentzu eta ikuspegi pedagogiko aurrerakoia geure egiten saiatu ginen.
Oraindik normalizatu gabe zegoen hizkuntzan eskolak ematen hasi ginen. Orduko legeen arabera ezinezkoa zen euskara eskolan erabiltzea, beraz, ikastola haiek ez ziren legalak. 1960ko hamarkadan urrats garrantzitsua eman zen, Ikastolaren historian: Iruñea, Gasteiz eta Baionan sortzeaz gain, Ikastola hirietatik herrietara zabaldu zen; Bilbon ordurako sortua zen. Bilakaera zail honetan, andereñoak ez ginen bakarrik egon; sentsibilitate politiko ezberdinetako guraso, herritar, eta zenbait eliz gizonen partaidetza oso garrantzitsua izan zen. Beraien laguntzarik gabe, ez genituzkeen gaur ditugun ikastola sareak edukiko. Ikastola ez zen euskararekin bakarrik identifikatzen; Ikastolak pedagogia berri bat ekarri zuen: neska-mutilak elkarrekin, arrazoibidean oinarritutako irakaskuntza, ingurumenarekiko harremana, gure herri kulturan txertatutako eskola.
Ikastolekin batera, andereño izango zirenak prestatzeko Andereñoen Erresidentzia ireki zen. Irakasleen Elkartea eta Euskal Udalekuak ere sortu ziren segidan. 30 urte inguru behar izan ziren ikastolen sarea osatzeko. Ez ziren urte errazak izan. Garai berean, euskara irakasteko alfabetatze taldea, gau eskolak, eta euskal abeslariak ere hasi ziren beren bidea egiten. Euskaltzaindiak ere 68an egin zuen Arantzazun «euskararen batasunari» buruzko biltzar nagusia.
Orain sarituak izan gara eta gutaz gogoratzea pozgarria bada ere, argi gera bedi gurekin elkarlanean ibili ziren guztiei luzatzen diegula sari hau. Ezin ahaztu, 1968ko udan ezarri zuten «salbuespen egoera» hura. Gipuzkoako Oltra Molto, orduko gobernadore zibilak, ikastola guztiak ixteko asmoa azaldu zuen. Asmo hura ez zen aurrera atera, orduko ikuskari bat Oltra Moltorekin, ordu luzez, ideia hura burutik kentzen saiatu omen zelako. Gure iritziz, ikuskariak ondo ezagutzen zuen une hartan Ikastola hartzen ari zen indarra, eta bere inguruan zebilen jende multzoak sor zezakeen gatazka ere. Ikastolak itxi ordez, legalizatzera behartzen zuen dekretu bat atera zuten garaiko agintariek.
Euskal Herrian oso geurea izan dugu auzolana. Hau da, elkarrekiko elkartasuna. Esan genezake ikastolak ere modu solidario batean joan zirela sortzen eta hazten, batak besteari lagunduz, herri mugimendu baten ondorioz.
Euskara irakaskuntza sisteman sartzeko Ikastola beharrezkoa izan zen, baina ez nahikoa, euskara hobetu eta normalizatuko bazen ezinbestekoa zen hedabideak ere euskaraz izatea.
Euskaldunok irakaskuntza euskaraz antolatzeko eskubidea geurea dugun bezalaxe, informazioa euskaraz jasotzea ere geure eskubide dela aldarrikatu nahi dugu. Guztiok dakigun bezala, luze eztabaidatu eta, ekinaren ekinean, behar ziren baliabideak lortzeko emari txiki asko bilduz, «Euskaldunon Egunkaria» sortu arte egin zuten lan pertsona askok. Bide hau ez zen erraza izan, nekeza baizik. Euskaldun anitzen pozerako 1990. urtean ikusi zuen argia. «Egunkaria» sortu eta, beste askoren artean, urteetan zehar (1990-2003) bizia eman zioten Juan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi eta Txema Auzmendi, oraindik ez dakigu zein lege urratzegatik epaituko dituzte abenduaren 15etik aurrera. Tamalez, ikastolak ixteko zorian zeudenean hauek izan zuten laguntza ez zuen izan «Egunkaria»k. Itxi zuten eta itxirik dirau. Horrek dakartzan ondorio guztiekin, noski. «Egunkaria» itxi zutenetik badira jadanik ia zazpi urte. Kartzelan egonarazi, horietako zenbait torturatu, eta oraindik epaitzeke daude. Dagokionari galdetzen diogu nola litekeen, oraindik muturreko neurri horrekin jarraitu, hori justifikatuko lukeen zentzuzko arrazoi juridikorik aurkeztu gabe.
Angel Lertxundik Eusko Ikaskuntzako XVII. kongresuan esan zuenetik jaso dugu hausnarketa hau: «Confucioren ikasleek galdetu zioten maisuari: `Zer egingo zenuke zuk herri bat gobernatzeko'? Confunciok erantzun zien: `Hizkuntza hobetuko nuke. (...) Hizkuntza zehatza ez bada, ez da pentsatzen dena zehaztasunez esaten. Esaten dena pentsatzen den bera ez bada, ez dago benetako lanik. Benetako lanik gabe, ezin lortuko dira artea eta morala. Benetako arte eta moralik gabe, ez dago justiziarik. Justiziarik gabe, nazioak ez du jakingo nora jo. Sutan dagoen ontzi bat izango da jitoan eta noraezean dabilena. Horrela bada, hemen duzu zergatik hobetu behar dugun hizkuntza'».
Hizkuntza zehatza izango bada eskola eta hedabideak ezinbestekoak dira, baina agintariek ez dute Confuciok bezala pentsatzen nonbait; euskaraz genuen egunkari bakarra izan arren, hura itxi egin zuten gure eskubideak urratuz. Ikastoletako irakasle garen aldetik, eta euskararen normalizatze bidean «Egunkaria» tresna baliotsua zenez, haren itxierak galera izugarria ekarri zigun. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu epaituko dituzten bost kide hauei. Hau ez da, ez, Euskal Herrian gertatzen den injustizia bakarra. Nahikoa da!
Bukatzeko, Andoni Egañak «Egunkaria»ren itxieraren 5. urteurrenerako idatzi zituen bertsoen zati hau aukeratu dugu: «Dena zulo beltz bihurtuz/ Den-dena bilakatuz gau/ Oihu ta umilazio/ Txilio eta alarau/ Denbora asko joan da.../ Izu-ikarak hor dirau».
(*) Nekane Auzmendi eta Arantza Allurrek ere sinatzen dute.