Bilboko Alde Zaharreko tabernetara sartu da Ertzaintza presoen argazkiak kentzera
GARA |
Polizia autonomikoa Bilboko Alde Zaharreko hainbat tabernatan sartu zen atzo eguerdian preso politikoen argazkiak kentzera. Erronda kaleko Herriko Tabernan izan ziren lehendabizi ertzainak eta bertako langileak identifikatu zituzten.
Amnistiaren aldeko mugimenduak salatu zuenez, atzokoarekin bost aldiz sartu dira presoen argazkiak kentzera, azken hilabeteetan. Horren ondoren, Somera kaleko beste bi tabernatan izan ziren ertzainak jarrera berdinarekin.
Bestalde, larunbat arratsaldean aske gelditu zen Gabi Saez Totorikaguena preso politikoari harrera beroa egin zioten Bilboko Alde Zaharrean.
Salatu zutenez, 11 hilabetez kartzelan egon behar izan du, «mendekua oinarri duen Estatu errepresioa gordintasun osoz bizi izan du, sumario berri bat ireki nahi izan diotelako» kartzela zigorra beteta izan arren.