GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Sinadurek balio propioa dute

Musikari eta musikazaleen topaleku da egunotan Durango. Argitaratu berri dituzten diskoak aurkezteko egun aproposak dira egileentzat, eta lan berriak erosteko, zaleentzat. Sortzaileak berak sinatutako lanarekin etxeratzea estimatzen dute zaleek, gero eta gehiago.

p048_f02_140x80.jpg

Koldo OTAMENDI I

Azken urteotan fan fenomenoak gora egin du gurean. Gure txikitasunean, gure musika eszenan nabaritzen dira halako portaerak. Telebistako zenbait saiok, Interneten gustuko taldearen informazioa eskuratzeko erraztasunak edota komunikazioaren gizarteak berak eraginik izango dute horretan. Kontzertu ostean gitarra jotzeko «pua», bateria astintzeko baketa, musikarien alboko argazkiak, edota emanaldiaren kantu zerrenda eskuratzeko taula aurrera inguratzen direnak gero eta ugariagoak dira. Azoka ere bada horren erakusle, ehunka musika zaleek beren artista eta musikari miretsien sinadura bilatzen dute, erositako diskoari balio erantsia emanez. The Uski's, Anari, Des-kontrol, Gose, Rafa Rueda, Lisabö, Ken Zazpi, Mikel Urdangarin, Mendeku Itxua edota Seiren taldekoak ikusi ditugu, ordu luzez sinadurak idazten, zaleen eskaerei men eginez. Gaur, esaterako, Berri Txarrak taldekoak arituko dira sinatzen, Plateruenan eskaini behar duten zuzenekoaren aurretik.

Iñaki Etxezarreta Etxek, esaterako, musikari eta musikazaleen arteko topalekutzat hartzen du Azoka: «Musikari izan aurretik ere etortzen nintzen Azokara, diskoak erostera, eta oso gogoko nuen estimatzen nituen musikarien sinadurak biltzea». Etxek argi du beste askorentzat ere horrela dela, eta eroslearekin hartu-emana izatea eskertzekoa dela uste du: «Gazteak gerturatzen dira gehien, baina konturatu naiz nire musikak ez duela hartzaile zehatz bat. Adin eta era guztietakoak pasa dira gaur, eta hori gustuko dut». Erakusmahaian diskoak sinatzen egoteak eroslea erakartzen duela aitortzen badu ere, batzuetan kontrakoa ere eragin dezakeela azaldu digu: «Erakartzen duela argi dago, baina gerta daiteke musikaria bertan ikusi eta lotsatuta atzera egitea». Azoka egunetan diskoak sinatzeko tartea egin du, musika taldearekin entsegutik entsegura badabil ere, eta gaur bertan Ahotsenean aurkeztuko dute «Heldu eskutik» diskoa.

Disko bat sinatzea ez da lan makala, eta askok ez dute oso gogoko. Aitor Gorosabel, Su Ta Gar taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak bere esperientziaren berri eman digu: «Taldearekin sona apur bat lortzen hasi ginenean, sinadura eske etortzen hasi zen jendea. Hasieran ez nituen egin nahi izaten, eta haserre biziak jasan behar izan nituen. Saiatzen nintzen esplikatzen, pertsona arrunta nintzela eta nire sinadurak ez zuela berea baino gehiago balio». Afera horrek arazo bat baino gehiago ekarri izan dio eibartarrari; bestalde, amore emateko arrazoirik aurkitu zuen: «Laster konturatu nintzen zale askorentzako sinadura batek izan dezakeen balioaz, eta eskakizunak betetzeari ekin nion berehala. Azken batean, ederra da ikustea zein pozik eta gustura joaten diren». Musika munduan bi hamarkada beteak dituen musikariak oraindik ere harritzeko betarik baduela azaldu digu, gainera: «Diskoak saltzen ari nintzela, 60 urte pasatsuko bikote bat etorri zait gure azkena erosi nahian. Hasieran semearentzako-edo izango zela pentsatu dut, baina beraientzako zela erantzutean, izugarri poztu naiz. Azkenaldian gertatu zaidan gauzarik politena izan da».

Diskoetxeek ere eskertzen dute musikariak beren erakusmahaian izatea. Baga-Biga zigiluko Ritxi Aizpuruk, esaterako, argi du zein den bidea: «Azokara ahalik talde eta artista gehien ekartzea da nire politika. Musikarien presentziak bizitasuna ematen dio Azokari, eta protagonistak hemen izatea eskertzen dut». Baga-Bigaren txokotik egunero lau-bost talde igaro dira sinadurak egin eta zaleekin tarte batez egoteko. Musikarien presentziak salmentak areagotzen ote dituen galdetzean, Ritxiren erantzuna argia da: «Zenbat eta musikari ezagunagoa izan, orduan eta erakarpen gehiago, eta hori salmentetan ere nabaritzen da». Sinadurak egiteko eta diskoen salmentarako ez ezik, promoziorako ere baliagarriak dira bost egunok: «Azokan komunikabide mordoa biltzen da, eta diskoetxeok hori baliatzen dugu musikariek eta hedabideek elkar ezagutu, eta elkarrizketak lotzeko». Ohiko diskoetxeez gain, auto-gestioaren bidea hartu duten zenbait taldek ere, nabaritu dute Azokan egunero egotearen gogortasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo