GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Identitatea

Zein arriskutsua den mundu honetan menderakaitz izatea. Zein zaila norberaren identitateari eta duintasunari eusteko isilik ez geratzeko erabakia hartu eta ondorioz jokatzea. Ausarta izan behar da gero, oso, eta egoskorra ere bai.

Aminetu Haidar ekintzaile sahararrak Lanzaroteko aireportuan jarraitzen du. Igo zuten hegazkin batera, etxera eramango zutela esan zioten, eten zuen luze zihoan gose-greba eta, ai! azken unean telefono-dei bat eta dena bertan behera. Espainia eta Marokoko gobernuen arteko «gaizkiulertua», antza. Identitatea inork ukatzen ez dien pertsona batzuen ulertezintasuna, esango nuke nik. Areago, arrazoi politiko eta, batik bat, ekonomikoetan jatorria duen ulertu nahi-eza. Emakume honek eskainitakoa onartzea, zalaparta gehiagorik ez ateratzea eta bakoitza bere txokoan geldi egotea nahiko luketen gobernuburuena.

Euskal herritarra izatea ukatu nahi diguten berberena, eta arrazoi berberengatik. Saiatzen dira identitatearekin tematu gabe bizimodu lasaia, erosoa eta isila eraman dezagun. Dauzkaten tresna eta estrategia guztiak erabiltzen dituzte; ez dietenez ezertarako balio amorratu egiten dira, harrotu, eta ondorioz kartzela, tortura, epaiketa erraldoiak... Badirudi agintariek, mundu osoko agintariek, ez dutela inoiz ulertuko herri-mugimendua bizi egingo dela, herrialdeetan pertsonak egoten eta bizitzen jarraitzen duten bitartean, behintzat. Gurean, Saharan bezala, garesti dago euskal herritarra izanik herrialdearen independentzia nahi izatea, identitatea eta ekarri beharko lukeen burujabetza osoa onar diezaguten bideak bilatzen ibiltzea. Idaztea, biltzea, iriztea, ekitea, alegia, mugitzea, dena da terrorismoa. Eta hala erakutsi nahi gaituzte, interesak dituztelako. Baina gu sentitzen gara, gure identitatearen oinarrian dago, eta hori ez dute aldatzerik izango.

Euskal nortasuna bezain ezinbestekoa zaigu emakumeoi geure identitatea. Ez duena sexuak soilik eratzen, hala dela pentsarazten badigute ere. Kulturak, esaterako, baldintzatuko du izugarri. Non bizi garen, zein baldintzatan, zein heziketa izan dugun eta ematen dugun, zein eredu dauzkagun, zein arau, politika, aukera.... Mundua gobernatzen duen gizarte-eredu patriarkalean jarraitzen du nahitaezkoa izaten eztabaida honek. Berdintasuna ezaugarri izango duen gizartea gauzatuko badugu, beharrezkoa dugulako zein ildo eta modu landuko ditugun zehaztea, eta horiek gauzatzeko beharrezkoak diren subjektu feministak identifikatzea. Tokian tokiko baldintzak eta berezitasunak aintzat hartuta, herri-mugimendua bezala, eta herri-mugimenduaren baitakoa izanik, feminismoak bizirik dirau, hain zuzen, badaudelako oraindik mila eta bat arrazoi horretarako.

Ildo horretatik, hemen, Euskal Herrian, Bilgune Feministak Emakume Abertzale eta Feministen IV. Topaketak antolatu ditu datorren zapaturako, abenduak 12, Tolosan. Identitatea txartel edo gorputz batek adierazten duena baino haragokotzat hartuta, emakume abertzaleontzako hausnarketarako eta hitza hartzeko gunea. Informazioa eta izena emateko webgunea: www.bilgunetopaketak.mundua.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo