IKUS-ENTZUN
Mugitu sakelakoa, eguneko menua zein den jakin nahi baduzu
Poltsikoko telefonoa egunean zenbat bider erabiltzen den kontuan hartuta, enpresa askok etekina atera diote «errealitate handitua» teknologia. Sakelakoa mugitzearekin soilik jatetxe, museo edota autobus geltoki hurbilena non dagoen jakin ahal izango duzu.
GARA |
Bizitza erreala zientzia fikzioa bezala irudikatzen du «errealitate handitua» deitutako teknologia iraultzaileak. Gizakiok orain arte ikusteko daukagun modua datozen hilabeteetan hankaz gora jarriko duela iragarri dute aditu askok, izan ere teknologia berri honek, besteak beste, sakelako telefonoak erabiltzeko modua guztiz aldatuko baitu. Sistema berritzaile horrek nola funtzionatzen duen hobeto ulertzearren, adibideak plazaratu dituzte dagoeneko. Esaterako, museo baten aurrean, bertako atea sakelako kameraz begiratututa soilik, museo horri buruz Wikipedian eskuragarri dagoen informazio guztia pantailan ikusi ahal izango du erabiltzaileak, besteak beste, bertako ordutegiak edota sarreren salneurria zenbatekoa den. Museoa izan beharrean, jatetxe batez ari bagara, bezeroak jantokira sartu gabe aukera izango du eguneko menua zein den jakiteko. Eta jatetxeari buruzko iritziak jakin nahi dituenak ere izango du zalantzak argitzeko parada, izan ere lehenago bertan bazkaldu duten erabiltzaileen kritikak irakurri ahal izango ditu telefonoko pantailatxoan. Gaur egun adimendun sakelako telefono gehienek barneratuta dituzte GPS sistema aurreratuak, esaterako iPhone etxearenak edota Googlek dituen Android softwaredun gailuak. Teknologia hauekin, «errealitate handitua» sistemak ahalbidetzen du une horretan kamerak antzemandako irudi errealari pantailan informazio osagarria gaineratzea.
Enpresak, aldaketari adi
Lantegi asko ohartu dira aurrerapen honen indarraz, eta ondorioz, gero eta enpresa gehiago dira teknologia mota hau erabiltzen hasi direnak. Acrossair enpresak dagoeneko kaleratu ditu trafikoarekin lotutako hainbat sistema. Hala, San Frantziskon eta Ameriketako Estatu Batuetako beste herrialde batzuetan, sakelako telefonoa hiriko leku zehatz batera zuzentzearekin soilik, autobus geltoki hurbilenak non kokatzen diren jakin ahal izango du bidaiariak.
Twitterrek ere orain gutxi kaleratu zuen telefono deien errealitate handitua, Twitter 360 deitua, horri esker, denbora errealean jakiteko Twitterreko beste kideak non dauden, adibidez, kalean paseatzen ari zaren aldi berean. Stella Artois garagardo lantegiak ere bizkor eskaini ditu zerbitzuak errealitate handituan. Sistema horren bidez garagardo zehatz horren zaleak aurki bilatu ahal izango du inguruko zein tabernatan duen eskuragarri garagardo hori. Telefonoa mugitzearekin bakarrik Stella Artois garagardoa eskaintzen duten tabernen zerrenda izango da irakurgai.
Lehen urratsak eman diren arren egunerokotasunean guztiz barneratuta egon aurretik denbora igaroko da. Hala ere, mundua gure begiez baino, pantailaren bidez begiratzeak ondorioak izango dituela ohartarazi dute askok, eta gaineratu dute gertuko etorkizun batean poltsikoko telefonoak desagertu ere egingo direla, eta informazioa eta mezuak pantailetan beharrean begi erretinan agertuko zaizkigula. Hau gauzatzeko Washington Unibertsitateko zientzialari batzuk bost urte daramate zirkuitu txikiz eta antenaz osatutako begiko lenteak garatzen, ikusteko lenteak izateaz gain kamera funtzioa ere beteko dutenak.