GARA > Idatzia > Kirolak

BEREZKOAK I Buruz Buruko Superprestigioa

Egungo zortzi onenak neurtuko dira Donibane Garaziko Garat trinketean

Jon LEUNDA I

Egun dauden zortzi pilotaririk onenak neurtuko dira gaurtik aurrera Donibane Garazin jokatuko den Bakarkako Superprestigioan, Buruz Buruko Txapelketaren ostean dagoen lehiaketarik garrantzitsuenean.

Eskailera eran jokatuko da, eta final-zortzirenak izango dira gaur. Iaz finalerdiak jokatu zituzten biak, Etxeberri eta Waltari, final-laurdenetan hasiko dira jokatzen, eta iazko bi finalistak, Ezkurra II.a eta Harizmendi, finalerdietan sartuko dira. Gaur, 16.00etan hasiko da lehiaketa, final-zortzirenak jokatuz, eta bi partida izango dira ikusgai.

Hasteko, Sorhuet eta Ozafrain neurtuko dira. Partida honetako irabazleak, abenduaren 14an Etxeberriren aurka neurtu beharko ditu indarrak final-laurdenetan, eta neurketa horretan garaile ateratzen denak, berriz, Ezkurra II.aren aurka jokatuko ditu finalerdiak, abenduaren 22an. Beste adarreko final-zortzirenetako partida ere gaur jokatuko dute Etxetok eta Kurutxarik, eta jaialdiko bigarren partida izango da. Garaipena lortzen duenak, abenduaren 14an Waltariren aurka jokatuko ditu final-laurdenak, eta hor garaile ateratzen denak Harizmendiren aurka jokatuko du finalerdia, abenduaren 22an. Finala, berriz, abenduaren 27an izango da, 16.00etatik aurrera. Partida guztiak Donibane Garazin izango dira, Garat trinketean.

Faboritoak aipatzerakoan, Paxkal Ezkurra da nagusia. Bera da egungo txapelduna, eta Garat bezalako trinketak oso aproposak dira berarentzat. Hala ere, denak dira maila handikoak eta edozein izan daiteke finalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo