Gehien asmatzen duenak asko dauka irabazita
Jokin ETXANIZ | ASPEko kirol zuzendaria
Oraingo honetan lau eta erdiko finala lasai ikusteko aukera izango dut; Aspeko pilotari batek irabaziko du txapela eta, alde horretatik, presio gutxiago izango dut. Pronostikoari dagokionez, esan daiteke finalerdietako ligaxkan Zarautzen irten zen partidaren antzekoa izan daitekeela finala. Biak ondo daude, biak erosoago ibiltzen dira erasoan eta horretan saiatuko dira. Ea nork asmatzen duen gehien eta hortik joan daiteke partida.
Abiadura handiko partida izango da ziur asko eta, beraz, akatsak ere izango dira, baina erritmo horretan jokatuta normala da akatsak izatea. Defentsan ere ondo moldatzen dira, baina erasoan biak ala biak askoz ere erosoago, eta partida azkarra izan daiteke, nahiz eta normalean finaletan gutxiago arriskatu ohi den.
Horrelako batean «klabe» edo giltza asko izaten dira, batez ere presiotik nola ateratzen den bakoitza, defentsa, arerioari pilota errazak ez uztea, errestoa... baina kasu honetan gehien asmatzen duenak asko izango du irabazita.
Maila honetan jokatzen duen lehen final handia izanda, Gonzalezek nola erantzungo duen ere garrantzitsua izan daiteke. Oraingoz oso lasai dago, ondo ikusten dut, baina gero eguna iritsi, frontoira sartu, giroa bizi eta ez da izaten erraza lasai egotea. Dena den, alde batetik ere ondo etortzen da tentsio puntu hori izatea, baina bere neurrian.
Partida desberdina izan daitekeen arren, Zarauzko partidak ondorioak ateratzeko balio izan diezaieke. Gauza horiek beti etortzen dira ondo, ez dakit partida berriz ikusi ote duten, batez ere tantoak nondik joan ziren, bakoitzak zer egin zuen ondo edo gaizki... Ligaxkako partidak horretarako balio du gehienbat, finala beste partida bat da, husna hasten dira eta frontoi desberdina da, alde horretatik, partida oso desberdina da. Eurek badakite nola jokatu, nola jokatzen duen arerioak, eta nire lana entrenamenduetan alor taktikoren bat landu nahi izanez gero, aukerak ematea izan da, ahalik eta hobekien entrenatzeko aukerak izan ditzatela. Ea jendea gustura uzteko partida horietakoa irteten den.