Maider Eizmendi Kazetaria
Eskua begiratu eta etorkizuna biluztu
Inguru honetan ez dira maiz ikusten, eta eskerrak, haien hitz-jarioa saihestea zaila da-eta. Bai, ezer esan aurretik, konturatzerako, eskua zabal-zabal hartu, hura begiratu eta gorputz eta barneak biluztu dizkizula sentitu.
Bost urte-edo igaro dira opor egun batzuetan eta jendez gainezka zegoen plaza handi batean harrapatu ninduela, eta ondo harrapatu, gainera. Erromero sortatxoa eskaini zidan aurrena eta estimatua zegoela baina ez nuela nahi esaterako, oparitutako erromeroa ez dela mespretxatzen erantzun eta esku artean jarri zidan. Bai, magia ikuskizunetan bezalaxe, konturatzerako eskuan zuen sortatxoa nirean sumatu nuen eta erromeroa biltzen zuen eskuan erreparatzen ari nintzela, oharkabean, zabaldu zidaten bestea. Eta han hasi zitzaidan seme-alabak gora eta behera, ezkonduko nintzela, lanean zortedun izango nintzela, luze biziko nintzela...
Nik ere nire eskuari begiratzen nion nondik nora ote zebilen jakiteko eta han segitu zuen, etorkizuna apenas sorpresarik gabe uzteko saialdian jo eta su. Halakoan amaitu eta egindako esfortzuaren truke «borondatea» eskatu zidan. Gisa horretako iragarpenetan ez dut zipitzik ere sinesten, baina, hala ere, eskua poltsikoan sartu eta aurkitu nuen txanponik handiena eman nion, zurrunbilo horretan barneratua nengoelako seguru asko. «Ez, txanponek ez, billeteek ematen dute zortea», erantzun zidan orduan emakumeak lotsagabe, aurpegia aldatuta mehatxuzko tonuan. Amorrua eman zidan, eta buelta eman eta joatea erabaki nuen. Bada atzetik hasi zitzaidan oihuka zorte txarra izango nuela esan eta esan. Akabo beraz, seme-alabak, lan ederra, bizitza luzea... Buelta eman, karteratik billetea atera eta ematekotan egon nintzen, ez seme-alabak izateko irrikagatik, ez urteetan marka guztiak hausteagatik... une horretan sentitzen ari nintzen barru-txarra arintzeagatik edota zorigaiztoko albisteak jasotzean une hartaz ez akordatzeagatik baizik.
Eskuak uzkurtuta, lotsagabe eta iheskor erantzun nion horregatik guztiagatik orain egun gutxi erromeroa eskainiz gerturatu zitzaidan emakumeari, aukerarik eman gabe, emakume hark egin zidan desafio berberaz; sinesgogor baino, entzungor.