GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bordele eta Biriatu arteko AHT trenbidea egingo dela ziurtatu du lehen ministroak

Estatu frantseseko lehen ministro François Fillonek ostiralean BAB hiri elkargoko presidente Jean Greneti helarazi zion gutunean Lapurdi zeharkatuko duen AHT trenbidea egin egingo dela ziurtatu zuen. Jean-Louis Borloo Ingurumen ministroak egitasmoa babestu zuen atzo.
p014_f01.jpg

Idoia ERASO |

Ipar Euskal Herrian trenbide berriaren kontra dagoen mugimendu sozial eta politikoa delaeta, Baionako auzapez, diputatu eta BAB hiri elkargoko presidente Jean Grenetek Gobernuari bere posizioa publikoki adierazteko eskatu zion. François Fillon lehen ministroak Bordele eta Biriatu arteko AHT trenbidea egin egingo dela erantzun zuen gutun baten bitartez. Ikerketa publikoa 2011n egingo dela ziurtatu zuen lehen ministroak.

Jean-Louis Borloo Ingurumen ministroak atzo Greneti dei egin zion egitasmo hau ingurumenari buruzko Grenelle deituriko eztabaidaren parte dela azpimarratu eta nazioarteko hitzarmenaz berretsitako egitasmoa dela nabarmentzeko.

Fillonek azpiegitura berria beharrezkoa dela nabarmendu zuen gutunean: «Dagoen trenbidearen saturazioak linea berri baten beharra agerian utzi du, Dax eta Espainiako muga arteko tartean bereziki».

Lapurdiren berezitasuna nabarmendu zuen Fillonek: «Trenbide berria ahalik eta ondoen txerta dadin nahi dut. Euskal Herria zeharkatzean bereziki, ingurumena kontuan izan behar da urbanizazio handia, erliebe nabarmena, uholdeak izaten diren bailarak eta ekologikoki zaindu beharrekoak daudelako. Lurrazpiko konponbideak zonalde delikatuetan lehenetsi beharko dira».

Baiona, Angelu eta Biarritzeko hiri elkargoko presidenteak hautetsiei deialdia egin zien ekonomia eta ingurumen mailan RFF Frantziako Trenbide Sarearekin elkarrizketa mantentzeko; bereziki urtarrilean ibilbidearen kilometro bateko perimetroa ezagutzera ematen denean.

Alliot-Marie AHTren kontra

Michele Alliot-Marie Justizia ministroak trenbide berriaren kontra dagoela berretsi du. Ministroa adierazpen hori egitera deitua izan zen joan den as- tean 6. barrutiko diputatu postuan bere ordezkari Daniel Poulouk AHTren alde dagoela baieztatu zuenean. «Daniel Poulouk bere iritzia izateko eskubidea du. Niri dagokidanez, gai honi buruz dudan iritzia ez da aldatu», adierazi zuen Michele Alliot-Mariek.

Bestalde, abiadura handiko trenaren aurkako ekimenik izan da Durangoko Azokan ere. Ehunka lagun bildu ziren bertan atzo arratsaldean, AHT Gelditu! Elkarlanak bultzatuta.

zaila

Ingurumenari dagokionez, trena Euskal Herritik pasarazteak zailtasunak ekarriko dituela onartu du Fillonek, urbanizazio handiak eta erliebe nabarmena dituelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo